Urtero bezala, eta tenorea ailegatzearekin batera, Kasino elkarteak Zuzendaritza Batzordea berritu du. Ilbeltzaren 16an egin zuen urteko batzarra eta zuzendaritzako sei lagunetatik hiru atera eta hiru bazkide berri sartu ziren: Francisco Indart, Itziar Zelaieta eta Santi San Migel. Bi urteren ondotik, kargua utzi dutenak, berriz, Patxi Olazar, Mikel Mutuberria eta Juan Mari Artazkoz dira. Joan den urtetik gelditzen diren bertze hiruak Luis Migel Apezetxea lehendakaria, Patxiku Ganboa idazkaria dira eta Jabier Jabalera bokala dira. Juntako kide berriek euren karguak izanen dituzte. Hala, Indart lehendakariordea izanen da, Zelaieta idazkariordea eta San Migel bokala. Heldu den urtean berriz berrituko da zuzendaritza eta aurten ordezkoak direnek kargu nagusiak hartuko dituzte, eta sartzen diren berriak ordezkoak izanen dira.
Bazkideen Eguna berreskuratu nahian
Urteroko ekitaldiei eustea da zuzendaritza berriaren asmoa. Horrela azaldu digu Patxiku Ganboa idazkariak. Horien artean, azken orduko aldaketarik ezean, otsailaren 27an barrikotea eginen da. Aspaldiko urteotan galdua dagoen Bazkideen Eguna ere berreskuratu nahi dute juntako kideek.
Teknologia berriekin lanean
Denboraldi berriarekin batera, informatizatzea erabaki dute Kasinoko zuzendaritzakoek. Elkartearen kudeaketa teknologia berrien bidez egin nahi dute eta ordenagailu eramangarri bat erosiko da horretarako. Horrez gain, gauzak errazteko, bazkideei euren helbide elektronikoak edo telefonoak jakinarazteko eskatu diete, eta ahal dela, elkarteko kutxan uzteko.