Inauteriak hurbiltzen ari diren seinale, giroa somatzen da herrian

Joseba eta Nerea 2010eko otsailaren 1a

Ttikienak hasiko dira ospakizunekin Ortzegun Gizenean

Aste pare batean ailegatuko da mozorro-besta Etxalarrera. Inauteriei Ortzegun Gizenak emanen die hasiera heldu den otsailaren 11n. Herriko ttikienak izanen dira lehenbizikoak, goizean etxez etxe eskean ibiliz. Aspaldiko ohiturari segituz, urtzaingizen, urtzaingizen, zingar- arraultze, bat ezpada bertze, biek hobe! kantatuz, puxkak biltzen ariko dira.
14:30ean plazan elkartu, bertsoak kantatu eta kalejiran abiatuko dira trikitilariekin. Domekeneko atean Haur Hezkuntzakoek antzerkia eginen dute. Lehenengo Hezkuntzakoek, berriz, frontoian eskainiko dute beren ikuskizuna. Azkenik, Antsolokuetan dantza eginen dute eta ondotik ongi merezitako berendua eta musika izanen dute plazan.

Kinto-bestak, inauterien pizgarri
Urtero bezala, inauterien aitzinetik kinto bazkariak eginen dira otsailaren 14an, igandean. Eguna hasteko, eguerdian poteoa eginen dute kinta guztiek elkarrekin eta ondotik Elutsan, Herrikon, Anttonion eta Etxalarko Bentan kinta bakoitzak bere bazkaria izanen du. Bazkalondotik, berandura arte luzatuko da besta seguruenera.
Haundien inauteriak, hilaren 15 eta 16an
Astelehena baserrietan eskean ibiltzeko eguna izanen da. 08:30ean Anttonion elkartuko dira gazteak. Gosaldu ondotik, goiko eta beheko auzoetara banatuko dira trikitilariekin. Bazkariak Armitxen eta Usategietako usazaleen txabolan eginen dituzte. Ilunabarrean Herriko Ostatuan elkartuko dira bi taldeak pintxoak afaltzeko.
Asteartean karrozen txanda izanen da. 12:00etatik aitzinera gisa guzietako mozorroak plazara hurbilduko dira eta herrian barna desfilea eginen dute euren karrozekin. Ondotik, gazteek bazkaria izanen dute Herriko Ostatuan eta jubilatuek urteroko ohiturari segituz, Larraburuan. Arratsaldeko bertso pilotak 18:30ean emanen die akabila frontoian aurtengo inauteriei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun