Inauteriak hasi geroztik
ez da pasatu egunik
tradizioak eta gogoak
jarraitzen dute bizirik
lau trapu zahar ta ileordeak
ez dugu behar besterik
baina guztia ez zen hain errez
atzera begiraturik
ez ote dira hemen pasatu
desgrazia eta gerrik
eduki dute goserik
eta dena mugaturik
arbasoentzat hau ez genuen
dibertsioa bakarrik
tokatu zaien patu hartatik
aske sentitzea baizik.
Gainean daude jadanik eta
prestatzen pare bat egun
batzuk kolorez jantzi nahi dute
eta beste batzuk ilun
kalera irten mila mozorro
izkutatzen mila lagun
karroza batzuk, irrifar batzuk
hamar joare, joaldun
herriko kale guztietatik
bai egun ta bai gau jardun
bukaera ez da urrun
eta horregatik entzun
lehengoengatik ta guregatik
nola zortea daukagun
azken aldia balitz bezala
aurten gozatu dezagun.