Ezker Abertzaleak Baztan-Bortziri-Malerreka eskualdean gertatzen ari den egoera sozio-ekonomikoaren inguruan gogoeta hau helarazi nahi du.
Lehenik eskualdean ematen ari diren langile eskubideen urraketa salatu nahi dugu; erantzule garbi eta bakar bezala patronala eta Nafar Gobernua kokatuz. Honi gehitu eskubide urraketa hauen azken kaltetuei; hots, Funverako langileei gure elkartasun eta babesa eskaini nahi diogu aurrera eramaten ari diren greba mugagabean.
Orain 30 urte patronalak eta Nafarroako elite politikoak (gerora Nafar gobernuan agintean egon direnak), UGT eta CCOO sindikatuek babes eta konplizitatearekin egituratu zuten Navarra foral y españolaren paradisua mila puskatan txikitzen ari da. Hainbat urtetan aditu dugu Nafarrei gehien komeni zitzaigun markoa zela, eta bertan ongizatea bermaturik izanen genuela, beti ere beraien interes politiko eta ekonomikoak bermatze aldera.
Argi ikusten da, garai hartan inposatutako markoa herriaren interesak defendatu baino, guttiengo elite politiko eta ekonomikoaren interesen mesedetan eraiki zela. Gure eskualdean 1100 langabetu daude eta 2000 langiletik gora onartu diren 20 erregulazio espedienteetan. Biztanlego aktiboa 8000 pertsonakoa da, beraz gizartearen %33 a behin-behinean edo behin-betiko langabezian dago. Egoera honetan argi ikusten da zein den elite horien helburua, alde batetik beraien irabaziak etengabe areagotzen joan eta bertze alde batetik marko hau blindatu beraien negozioak egiten jarraitu ahal izateko.
Eskualde honetan egiten ari direna; N-121-A moldaketa, Erdizeko harrobiaren egitasmoa, Lekarozko Aroztegiko proiektua, espekulazioa inmobilioarioa... helburu horiek erdiesteko pausuak bertzerik ez dira. Gure eskualdea desindustrializatu nahi dute, zerbitzu eta turismora zuzenduriko iharduera ekonomikoa nagusitzeko, horrela lanpostuen galera masiboa, herrien hustutzea, “Ciudad dornitorioen” sorrera herrien nortasunaren kaltetan, kapitalismoari men eginen dion jendartearen alienazioari… bide eman nahi diote.
Ikusirik aspalditik ezagutu dugun Bortziriak industriala mehatxatuta eta arriskuan dagoela, agerikoa da jendartean dagoen haserrea eta egonezina. Alabaina, borrokaren ondorioz aurre egiten ari zaio egoera honi (Erdiz, Funverako borroka, alkateen deialdiak, LAB eta ELAren arteko elkarlana, merkatariek elkarteak sortzea eta hauen dinamikak, Maiatzak 21eko greban emandako erantzuna...). Ezker Abertzaletik egoeraren larritasuna azpimarratu eta borrokan jarraitzeko deialdia luzatzeaz gain, irtenbidea zein den argi utzi nahi dugu; Nafarroak hain beharrezkoa duen aldaketa politiko eta soziala.
Dei egin nahi diegu eskualdeko biztanleei dagozkigun eskubideen defentsan tinko eta irmoki lanean jarraitzeko. Defenda dezagun gure eskualdea eta borrokatu etorkizuna!!