Haiti eta Munilla

ttipi-ttapa 2010eko otsailaren 1a

«Ongi dakigu eliza katolikoa zer den, horren hierarkiak nolako pentsaera duen, muturrekoa eta integrista. Baina argi dago egunez egun atzera eta atzera egiten ari dela bere pentsaeran. Bizitza osoan agnostiko izan banaiz, hemendik guttira ateo naizela ald

Egunotan hondamendiak, zoritxarrak eta tristeziak badute izen propio bat: Haiti. Hemendik auskalo noiz arte, berez Ameriketako herririk pobreena zenak imajinatzen ahal genituen marka guziak gainditu ditu zoritxarraren sailkapenean. Baina gezurra dirudien arren, denok ez gaude ados iritzi honetan, badago hainbertzerako ez dela pentsatzen duena. Posible da? Bai, eta hemendik oso hurbil.
Lehengo egunean, Donostiako gotzain berri eta famatuari, Jose Ignacio Munillari, edonori bururatzen zaigun galdera egin zioten irratsaio batean: Baina nola izan daiteke zuek predikatzen duzuen Jainko onbera horrek Haitin gertatu den bezalako tragedia bat permititzea? Gotzain mediatikoa ez zen moztu eta harro-harro erantzun zuen: “Badira tragedia hori baino handiagoak direnak”. Zeintzuk? Ba, bere hitzetan, “espainiarren egoera espitirual pobrea, gure bizitzaren kontzeptu materialista”. Eta lasai-lasai-gelditu zen. Gero, hitz hauek titular gisa egunkarietan agertu zirenean, bere burua kazetarien biktima gisa aurkeztu zuen, politikarien antzera malintepretatua izan zela erranez, etabar… Baina berak errandakoa grabatua gelditu zen, eta ezin ukatu hitz horiek erran zuenik. Hori bai, bere hitzak plano teologikoan eginak zirela argitu zuen. Zer ote da plano teologiko hori? Hain ergelak gara herritar arruntak, gauzak aldrebes ulertzen ditugunok, teologia ez jakiteagatik.
Gauzak konpontzen bukatzeko, Donostiako gotzainak gehitu zuen inoxente hauek sufritzen duten gaitza ez dela behin betikoa, zeren Jainkoak betirako zoriontasuna agintzen die. Nola definituko genuke giza-sentsibilitate falta hau? Zinismoa bezala, adibidez?
Ongi dakigu, noski, eliza katolikoa zer den, horren hierarkiak nolako pentsaera duen, muturrekoa eta integrista. Baina argi dago egunez egun atzera eta atzera egiten ari dela bere pentsaeran. Nere aldetik, bizitza osoan agnostiko izan banaiz, hemendik guttira ateo naizela aldarrikatuko dut, eta harro!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun