Toki publikoetan erretzea galaraziko duen legea ez dute begi onez ikusi eskualdeko ostalariek

Gurutze PIKABEA 2010eko otsailaren 3a

Ostalarientzat tabakoa saltzea errentagarria ez bada ere, erretzea debekatzea euren kalterako izanen da. Fermin ETXEKOLONEA

Aurten ezarri nahi du debekua Espainiako Gobernuak

Uda alderako toki publiko itxietan ezin izanen da tabakorik erre. Horixe nahi du Espainiako Gobernuak: ostatu eta jatetxeetan erretzea debekatu. Horretarako 2006ko Tabakoaren Kontrako Legean aldaketak egiten ari da eta urtearen erdi alderako indarrean paratzeko asmoa duela iragarri du. Ostalariak, baina, ez dira neurriaren aldekoak.

Hautsak harrotu ditu Tabakoaren Aurkako Lege berriak ostalarien artean. Eta haserre daude, ziur daudelako erretzeko debekua euren kalterako izanen dela.
2006koa da tabakoaren kontrako azken legea. Honek, tamainaren arabera, bitan banatu zituen lokalak. Ehun metro koadro baino gehiagokoetan erretzaile eta ez direnentzako guneak sortu behar izan zituzten; eta ttikiagoetan erretzen ahal zen ala ez erabaki. Gehienek baimendu egin zuten, baita eskualdeko ostatalari gehienek ere.
Berako Errekalde ostatuan guttigatik libratu ziren 2006ko legearekin obrak egitetik. Izan ere, muga ehun metro koadrotan finkatu zen, eta Errekaldek 97 ditu. Erretzaileen alde egin zuten. Errekaldeko Eñaut Lazkanok argi du bezero gehienak erretzaileak direla: «bezeroen %90 inguru». Aitzineko legeak ostalariak «alferrikako gastua» egitera behartu zituela iritzi dio: «abisatua zen azkenean oraingo lege hau etorriko zela, eta ostalariek dirua gastatu zuten, baina deusetarako ez». Lazkano ere ez da galaraztearen aldekoa. «Ez dakigu zein neurritan eraginen digun, baina gure kalterako izanen da».
Doneztebeko Titi ostatuan ere erretzaile «aunitz» ibiltzen dela aipatu digu Fran Ezkurra nagusiak. «Ez nuke jakinen bezero gehienak erretzaileak diren ala ez erraten, baina honat etortzen denari ez zaio inporta hemen erretzea». Debekuaz galdetuta, ez du zalantzarik: «Baztan-Bidasoan dugun klima euritsuarekin, bertze toki aunitzetan baino kaltetuagoak izanen gara. Udako hilabeteak kenduta, gainerakoan ostatu barrenean egon behar dugu, eta lege berriak jendea ostatuetatik botako du. Jende aunitz etortzen baita zerbait hartu bidenabar zigarro bat erretzera. Jende horrek bertze alternatibak bilatuko ditu, etxean gelditu edo erre daitekeen elkarteetara joan».
2006ko legea indarrean jartzeak zer pentsatua eman zion Francis Urrutiari, Elizondoko Lur dantzalekuko eta Antxitonea trinketeko jabeari. Ehun metro koadrotik goitiko lokala edukita obra egitekoa zen, baina azkenean ez egitea erabaki zuen: «Lurren obra egitea pentsatua genuen, baina ez genuen egin, bagenekielako lehenxeago edo beranduxeago erretzea debekatuko zutela. Ez zuen zentzurik obra egiteak».
Lege berri hau gabe ere, ostalaritza garai onenean ez dagoela aipatu du Mikel Zabaleta Leitzako Peritza ostatuko jabeak. Ziurtasunik gabe begiratzen dio etorkizunari, baina erran digunez, «espero dut legea ez kalterako izatea». Gisa berean, «saltzea baimendua dagoela» oroitarazi du. «Ez zait oso ongi iruditzen egun batetik bestera baimendua dagoen substantzia bat leku publikoetatik galaraztea». Aspalditik zuen debeku honen beldurra: «aurreko legea atera zenean, ikustekoa zen hau etorriko zela».
Lesakako Atxaspi ostatuko Jose Jabier Igoarentzat lege berriak «ez du ez buru, ez buztan»; «bulego batean hartzen diren erabakiak dira, baina gero egunerokotasunean aplikaezinak». «Dudarik gabe» euren kalterako izanen delakoan dago: «erretzea galarazita nire taberna beteagoa egonen balitz, gaur bertan debekatuko nuke. Horretarako logikaren legeak agintzen du, ez politikariek egindakoak». Lege berriarekin, «jendea kalera aterako dela, eta bizilagunen loa kaltetua izanen dela» iritzi dio. Eta bertzetik, bezero kopurua «jaitsiko» dela. «Zertarako atera kafea hartzera ostatura, ezin badute erre?».


Tabakoa saltzea ez da errentagarria
Ostatuan tabakoa saltzea bezeroari «zerbitzu bat eskaintzea», dela dio Ezkurrak, tabernariari irabazirik ematen ez diona: «Tabakoaren prezioa goiti doa, baina guk kaxako jasotzen duguna berdina da». Bide beretik, tabakoa saltzeak «oso irabazi gutxi» sortzen dizkiola nabarmendu digu Zabaletak.
Igoa ere iritzi berekoa da: «tabako kaxako 15 zentimo irabazten dugu. Urtean 100 euroko zerga ordaindu behar dugu eta makina mantendu. Beraz, irabaziak zero». Lazkanok ostalarientzat «gastua» dela adierazi du. Baita Urrutiak ere. Dantzalekuko tabako makina kendu egin zuen 2006ko legearekin.

‘Ni ez naiz polizia’
Legea onartzen bada, seguraski ostalariak kontrolatu beharko du bere lokalean norbait erretzen ari den ala ez. «Gure gain egonen da poliziaren papera egin eta gure tabernako zoko guztiak kontrolatzea, jendeak ez duela erretzen ziurtatzeko», dio lesakarrak. Norbait erretzen aurkituz gero, isuna ostalariak eta erretzaileak hartuko lukete. Eta hori ere ez dute begi onez jo: «Beraiek atera badute legea, beraiek kontrola dezatela. Bi lan jarri nahi dizkigute, eta nire lana ez da jendea kontrolatzea. Ni ez naiz polizia, ni ostalaria naiz», dio leitzarrak.
Uste berekoa da Ezkurra ere: «norbait etorri eta zigarro bat erretzen hasten bada, nik gehienez, ezin duela erre erraten ahal diot. Erretzen segitzen badu, zer egin behar dut nik? Poliziari deitu?».
Beratarraren irudiko, «bakoitzak ikusi behar du erre ala ez», eta hori kontrolatzea ez dagokio ostalariari.
Urrutiak ere «arras zaila» ikusten du kontrolatzea: «jendea berotua eta zigarroa ahoan baldin badago, eta ez erretzeko erraten badiozu, bronka segurua izanen dugu». Hori saiheste aldera, «ezin dela erre erranez, kartelak paratuko ditugu, eta jendearen erantzuna zein den ikusiko dugu. Ez gara polizien gisa ibiliko».
Argi dago, ostalariak kontra daude. Gainera, tabakoa saltzea libre izanda, ez diote zentzu haundirik ikusten galarazteari: «batzuetan ahazten zaigu ‘droga’ kaltegarri hau saltzeko monopolioa daukana, gero debekatzen duen berbera dela», dio Igoak. Lege honekin lortu nahi dena «jendeak erretzeari uztea» da Lazkanoren ustez: «Estatuak irabazi haundiak ateratzen ditu tabakotik, eta ez du salmenta debekatuko».

IPAR EUSKAL HERRIAN AITZINDARI

Ipar Euskal Herrian toki itxietan erretzea debekatua dago 2008az geroztik

2008az geroztik, leku publiko itxietan erretzea debekatua dago Ipar Euskal Herrian. Urte batzuk lehenago, Frantziako Gobernuak erretzaile eta ez erretzaileen eremuak egokitzera behartu zituen ostalariak, baina lege hori betetzen ez zelako, 2008an behin betiko galarazi zuen. Ordutik bezero guttiago somatu du Maixan Santestebanek, Sarako Herriko Etxeko Edandegiko jabeak. «Kanpoan hotz dela, ez da inor etortzen», dio. Horrekin batera, zenbait bezerok ihes egiten diotela antzeman du: «Dantxarineara joaten dira». Izan ere, han, oraingoz, erre daiteke. Isun haundiak jaso ditzakete ostalari eta erretzaileek toki itxian erretzen harrapatuz gero.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun