Aizarotz eta Sunbillako saioen ondotik, Agoitzen jokatu zuten igandean Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena eta Ander Fuentes, Itturri zubietarra
izan zen nagusi, 380,5 punturekin, ezaugarri nabarmenena erregulartasuna izan zuen saioan. Garaipen horrek finalaurrekorako txartela eman dio, Arkaitz Goikoetxea eta Xabier Legarretarekin batera, horiek irabazi baitzituzten Aizarozko eta Sunbillako saioak. Hirukote horrekin batera, zuzenean finalaurrekora sailkatuta daude Jon Barberena, Iñigo Olaetxea eta Julio Soto ere.
Itturriren gibeletik, bigarren postuan sailkatu zen Oskar Estanga (376); hirugarren, Miel Mari Elosegi, Luze leitzarra (363,5); laugarren, Saioa Alkaiza (362,5); bosgarren, aurten lehen aldiz txapelketan parte hartu duen Jose Luis Barberia, Zili leitzarra (354); eta seigarren, Diego Riaño (350). Hauek, azken puntuaketa orokorraren zain egon beharko dute finalaurreko txartela lortuko duten ala ez jakiteko.
Bertsozale Elkartekoek adierazi dutenez, 150 lagun inguru hurbildu ziren Agoitzeko Kultur Etxera. Iturrik berak esandakoaren arabera, saioa erregularra izan zen, eta ez zen bertsolaririk bata bestearen gainetik nabarmendu puntuaketan ikus daitekeen bezala.
Igandean jokatu zen final-laurdenaren ondotik, Nafarroako Bertso Txapelketak bere bidean aitzinera segituko du. Horren lekuko, datorren larunbatean, otsailaren 6an, Garesko udaletxeko erabilera anitzeko aretoan, 17:30ean jokatuko den saioa. Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe gartzaindarra, Alazne Untxalo iturendarra eta Lesakako Xabier Terreros, Estitxu Arozena eta Ioar Tainta ariko dira. Hura izango da txapelketako lehen faseko azken hitzordua eta bertan erabakiko da finalaurrekoetarako sailkatuko diren bertsolariak nortzuk diren.