Karroza desfile ikusgarriarekin akitu ziren Sunbillako inauteriak

Aitor AROTZENA 2010eko otsailaren 2a

Karroza ikusgarriak izan dira aurten ere Sunbillako karriketan. Fermin ETXEKOLONEA

Hamabortz karroza atera ziren, jendez gainezka zeuden karriketan

Igandeko karroza desfile ikusgarriarekin akitu ziren Sunbillako inauteriak. Asteburu osoa euritan eman bazuten ere, eguraldiak atsedenaldia eman zuen desfila garaian eta sunbildarrek eta hurbildu ziren bisitariek aterkirik zabaldu gabe ikusi ahal izan zuten desfilea. Hau zabaltzen, Galtzagorri txarangarekin batera, Ulibeltzak elkartearen hiru karrozak zeuden. Lehenik, tortilla eskaintzen zuena zegoen eta bertan aipatu zutenez, 150 arraultze-dozena erabili zituzten; segidan, hezur-saldarena zetorren, bezperan prestatzen hasitako 500 litro banatu zituzten ikusleak berotzeko, eta hirugarrenean, 500 talo, 120 kilo gaztain eta ardoa  banatu zuten.
Gazteek osatutako karroza batek, izotz-gaineko jautsiera erakusten zuen, Martini Racing eta Heineken Team taldeekin; Alakrana arrantza-ontzia ere ailegatu zen Sunbillara, gibeletik piratak bere pateran eta Armadako itsasontzia zaindari zituela. Hippie taldea ere agertu zen, furgoneta eta guzi. Sunbillako dortoka abilek, patinete gainean egin zuten ibilbide osoa eta Kaxkarrak taldeko Polizia akademia eroak klase bereziak eman zituen. Polizi-gaiek atxiloketa bat baino gehiago egin zuten Sunbillako karriketan eta beraien polizia-autoan eraman zuten. Sunbillako San Fermin Txikitok entzierroa antzeztu zuen eta Espentza peña pankarta eta guzi atera zen. Karrozarik ikusgarrienetako batean, San Miguel Ligako estropada bat irabazteko lehian aritu ziren Hondarribiako eta Castroko La Marinera traineruak; Sunbillako eskolako Guraso Elkarteak Halloween gau berezia irudikatu zuen, “Gauioween” izenburupean; bertze kuadrilla batek, “Krisiarengatik lehengora bueltan” karroza atera zuen, krisiaren aurkako bere errezeta bereziarekin: astoa, gurdia, belar-meta… Sunbillako mutilzarrak Kubarako bidaian ere irudikatu zuen bertze kuadrilla batek eta telebistako “El Hormiguero” saioan, Mickael Jackson eraman zuten gonbidatu gisara.
Desfilearen gastuak estaltzen laguntzeko, zerriaren eta bildotsaren zozketarako txartelak saltzen zituzten euro batean zenbait lagunek. Horietako batek, Jesus Mari Jorajuriak, atera zituen zenbaki saridunak. Sunbillako Faustino eta Miguel Mari Marizkurrena anaiei egokitu zitzaien zerria eta bildotsa, berriz, Narbarten bizi den Rosa Mari Iriarte sunbildarrari. Jorajuriak aipatu zigunez, “aurten 7.000 txartel saldu dira, bizi garen garaia kontuan hartuz, espero baino gehiago. Horietatik 4.000 desfileko garaian saldu dira eta gainerakoak gazteek, baserriz baserri egindako eskean”.
Zozketaren ondotik, kasik ehun lagun bildu ziren Ulibeltzak elkartean bazkaltzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun