Aizarotz eta Sunbillako saioen ondotik, Agoitzera ailegatuko da asteburu honetan Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Igandean, hilaren 31n, izanen da saioa, Kultur Etxean 17,30ean hasita.
Taula gainean kantatuko duen seikotearen artean iazko finalista bat dago, Ander Fuentes “Itturri” zubietarra. Horrekin batera, Leitzako hiru bertsolari arituko direla nabarmendu behar da: Miel Mari Elosegi “Luze”, Diego Riaño eta Jose Luis Barberia “Zili”. Azken honek lehen aldiz hartuko du parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan.
Agoitzen arituko diren beste bi bertsolariak Oskar Estanga, iaz atsedena hartu ondotik txapelketara itzuli dena, eta Saioa Alkaiza antsoaindarra dira.
Lehenengo faseko gainerako saioetan bezala, Agoitzen irabazten duenak zuzenean lortuko du finalaurrekotarako txartela. Gainerakoek saio guztien puntuazioa ezagutu arte esperatu beharko dute, hurrengo fasera pasako diren ala ez jakiteko.
Orain arte, Arkaitz Goikoetxea eta Xabier Legarreta dira finalaurrekoetara sailkatzea lortu duten bi bertsolariak, Aizarotzen eta Sunbillan irabazita. Horiekin batera, hasieratik hiru bertsolari daude zuzenean sailkatuta finalaurrekoetarako: Jon Barberena, Iñigo Olaetxea eta Julio Soto.
Asteburu honetako azken-laurdenaren ostean, otsailaren 6an izanen da lehen faseko azken saioa, Garesen. Horretan erabakiko da finalaurrekoetarako sailkatuko diren bertsolariak.