Aurtiz, Ituren eta Zubietako joaldunak hasiak dira inauteri giroa jartzen

TTIPI TTAPA 2010ko urt. 29a, 11:56

Joaldunak dira inauteri hauetako ezaugarri nagusia. TTIPI TTAPA

Iturenen astelehena izanen da egun handia eta Zubietan asteartea

Ituren, Aurtitz eta Zubietako inauteriak hasiak dira. Ortzegunean, hilaren 28an, joaldunek joareak jauntzi zituzten eta puskak biltzen ibili ziren etxez-etxe. Larunbatean eta igandean berdin segituko dute, hori bai, joareak bizkarrean dituztela. Dena den, egun handiak heldu den astelehena eta asteartea izanen dira, otsailaren 1a eta 2a.
Astelehenean, Zubietako joaldunak mozorro eta karrozek lagunduta Aurtiztarrei bisita eginen diete, herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joanen dira. Lasagako Zarandia parean, denak elkartu eta herriari buelta emanen diote. Joaldunek aperitiboa hartzen duten bitartean, plazan karroza bakoitzak bere ikuskizuna eginen du.
Asteartean, Ituren eta Aurtizko joaldunek bisita bueltatuko diete zubietarrei. Urtero-urtero, batzuen ustez natura ernatzeko eta uzta berri eta ugariak emateko egiten den ohiturari eutsiz. Hainbat bisitari espero dira astelehenean Iturenen eta asteartean Zubietan.

Zubietan asteazkena izaten da inauterietako azken eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. Ondotik joareak jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita egiten diete ilunabarrean. Aurtiztarrak eta Iturendarrak asteazkenean bazkaria eta arratsaldean etxez etxe ibiltzen dira joare eta trikitilariekin. Ondotik afaria izaten da elkarteetan.

Kontuen Egunak
Kontuen eguna izaten da, hain zuzen, Iñauteetako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Zubietan asteakenean egiten dute. Iñauteak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izaten dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak bertsolariak eta aizkora apostua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia izanen da eta, mozkorraldia izugarria ez bada, bederen, bestarekin segitzeko aukera dago, afari eta dantzaldian. Aurtitzen xaharren afaria egiten dute eta Iturenen kontuen afaria, iñauteak heldu den urtera arte agurtuz

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun