Igandeko karroza desfilea baino lehen inauterietan murgilduak daude Sunbillan

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 29a

Karroza ikusgarriak ibiliko dira igandean Sunbillan barna. TTIPI TTAPA

Ortziral goizetik baserriz baserriko eskearekin hasi dira gazteak

Sunbillako inauteriak abiatu dira dagoeneko. Egunik handiena igandea izaten da, hainbat bisitari erakartzen dituen karroza desfilearekin, baina gazteak ortziral goizetik hasiak dira baserriz baserri eta auzoz auzo eskean, gosaltu ondotik.
Atsaldean, herriko haurrentzako txokolatada izanen da Ulibeltzak elkartean. 16:00etatik 18:00etara musika izanen da Agerralderekin. 20:00etatik 22:00etara dantzaldia Bixenterekin arkupeetan. 21:30ean eskean dabiltzan gazteek afaria eginen dute Itturburun.Gauean emakumeen afaria izanen da Ulibeltzak elkartean eta dantzaldia Agerralderekin.

Urtarrilaren 30ean, larunbatean, 10:00etan gosaria izanen da Itturburu ostatuan. Gero, karrikaz karrika eskean ibiliko dira Modesto eta Joxe Angelekin. 14:00etan eskean dabiltzanentzat bazkaria izanen da Fonda ostatuan. Atsaldean, umeentzako txokolatada eta musika Agerralderekin. 20:00etatik 22:00etara dantzaldia Modesto eta Joxe Angelekin udaletxeko arkupeetan. Gauean, eskean dabiltzanentzat afaria izanen da Elor-txurin.


Igandean egun handia

Urtarrilaren 31n, igandean, goizeko 11:30ean abiatuko da karrozen desfilea Galtzagorri txarangarekin. Urtero bezala, karroza ikusgarriak izanen dira eta Ulibeltzak elkarteko hiruak opilak, gaztainak, hezur salda, tortilla eta ardoa banatuko ditu ikusleen artean. Tortillak herriko gazteek eskean bildutako arraultzekin egiten dira. Gero, zerri eta bildotsaren zozketa eginen dira.
14:30ean bazkaria eginen da Ulibeltzak elkartean eta gero, inauterial akitzeko, dantzaldia Jalisko Band taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun