Joan den urteko otsailaren 2tik haurrak ikasgeletan bazeuden ere, urtarrilaren 28an Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak egindako bixitarekin Doneztebeko Askin haurtzaindegiari nolabaiteko inaugurazio ofiziala eman diote. Kontseilariarekin batera, Teresa Aranaz Hezkuntza Departamentuko Antolaketa, Kalitatea eta Berrikuntza zuzendari nagusia Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea eta Oskar Mindegia, Gloria Agerri eta Juana Muñoz izan dira bixitan. Diana Bruño zuzendariaren azalpenak adituz ikusi dituzte haurtzaindegiko ikasgelak, sukaldea eta gainerako instalazio guziak eta haurrei ere kuku egin diote.
46 haurrendako lekua
12 eta 36 hilabete arteko 46 haurrendako lekua du haurtzaindegiak. 330.704 euroko inbertsioa egin behar izan zen haurtzaindegian eta horietatik 174.415 euro Nafarroako Gobernuak jarri ditu eta gainerakoa Doneztebeko Udalak. Zuzendariarekin batera, hiru hezitzailek, sukaldariak, sukalde laguntzaileak, jangelako eta hezitzailearen laguntzaile egiten duen pertsona batek eta garbitzaileak lan egiten dute haurtzaindegian.
Haurtzaindegia bisitatu ondotik, Haur eta Lehen Hezkuntzako San Miguel ikastetxea eta DBHko Mendaur institutura joan dira, aitzinetik, udal pilotalekuan egindako margoketa lanak eta gimnasioaren moldaketa lanak ikusiz.
Heldu den urterako toki eskasia San Miguel ikastetxean
San Miguel ikastetxeko Sara Maylin eta Mendaur institutuko Ainhoa Mitxeo zuzendariekin bildu dira gero Nafarroako Gobernuko eta udal ordezkariak. Maylinek kontseilariari aipatu dioenez, heldu den urterako leku arazoak izanen dituzte, ikasle kopurua handituko dela aurrikusia baitago eta alde horretatik laguntza eskatu diote kontseilariari.