Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketako jardunaldia jokatu zen larunbatean Lakuntzan

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 26a

Amaiur gizonezkoen 600 kiloko kategorian eta Beti Gazte nesken 540 kilokoan bigarren izan ziren

Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketan, 600 kiloko gizonezkoen eta 540 kiloko emakumezkoen bigarren jardunaldia jokatu zen larunbatean Lakuntzan.  Gizonezkoen kategorian Abadiño A nagusitu zen tiraldi guzietan. Amaiur bigarren izan zen, bizkaitarren kontra galdu eta gainerako tiraldi guziak irabazita. Ezpeletako Ñapurrak izan zen hirugarren, Berriozar laugarren, Abadiño B eta Sokarrik berdindu egin zuten bosgarren postuan eta Aguraingo Barrundiak ez zuen tiraldi bakar bat ere irabazi. Finaletik kanpo gelditu dira arabarrak. Urtarrilaren 30ean Aramaion jokatuko dute 640 kiloko finala Abadiño A eta Bk, Amaiurrek, Ñapurrakek, Berriozarrek eta Sokarrik.

Beti Gazte eta Sakana bigarren postuan berdinduak emakumezkoetan

Emakumezkoen 540 kiloko kategorian, lau talde aritu ziren sokan. Gasteizko Badaiotz taldeak mendean hartu zituen hiru kontrarioak. Sakanak eta Beti Gaztek, aldiz, tiraldi bana irabazi zioten elkarri, eta berdindu egin zuten sailkapenean eta Ibarrak ez zuen tiraldi bakar bat ere irabazi. Pisu honetako hirugarren eta azken jardunaldia ere larunbatean jokatuko da Aramaion.
Biharamonean, gizonezkoen 640 kiloko kategoriako lehen jardunaldia jokatuko dute Abadiño, Amaiur, Barrundia eta Ibarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun