Urtarrilaren 23an, larunbat arratsaldean hasi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa Aizarotzen, Basaburuako kultur etxean. Aretoa goraino bete zen saioa jarraitzeko (ehun lagunetik gora elkartu ziren). Azkenean, honela geratu zen sailkapena:
1. Arkaitz Goikoetxea (427,5 puntu)
2. Julen Zelaieta (401 puntu)
3. Oier Lakuntza (389,5 puntu)
4. Aimar Karrika (365 puntu)
5. Bittor Elizagoien (353,5 puntu)
6. Iker Gorosterrazu (341,5 puntu)
Urtarrilaren 24ean, igandean jokatu zen bigarren kanporaketa Sunbillan, Ulibeltza elkartean. Hemen ere elkartea bete egin zen, 100 lagun inguru sartuta. Honela gelditu zen sailkapena:
1. Xabier Legarreta "Arano" (414,5 puntu)
2. Iñigo Ibarra (385 puntu)
3. Iñaki Aleman (375 puntu)
4. Aritz Saragueta (357 puntu)
5. Ekaitz Astiz (334 puntu)
6. Egoitz Gorosterrazu (330,5 puntu)
Honenbertzez, Lekunberrin bizi den Arkaitz Goikoetxea oiartzuarrak eta Xabier Legarreta aranoarrak finalaurrekoetara zuzenean sailkatzea lortu dute. Gainerakoek bertze saioetako puntuazioaren esperoan egon beharko dute. Asteburuko saioak jolatuta, honako kanporaketa hauek izango dira:
Hurrengo saioak
Heldu den igandean, urtarrllaren 31n, Agoitzeko Kultur Etxean 17:30ean jokatuko da Nafarroako bertsolari txapelketako hurrengo saioa. Ander Fuentes "Itturri", Migel Mari Elosegi "Luze", Saioa Alkaiza, Diego Riaño, Oskar Estanga eta Jose Luis Barberia "Zili" ariko dira.
Otsailaren 6an Garesko Udaletxean, 17:30ean hasita eginen den saioan Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe, Alazne Untxalo, Xabier Terreros, Estitxu Arozena eta Ioar Tainta ariko dira.
Finalaurrekoak
Behin saio hauek jokatuta, 18 bertsolari ariko dira finalaurrekoetan. Lehenengo fasetik 15 bertsolari sailkatuko dira, eta aurreko finaleko hiru ordezkari batuko zaizkie: Julio Soto, Iñigo Olaetxea eta Jon Barberena. Lehenengo finalaurrekoa Etxarri Aranatzen izango da otsailaren 20an, Kultur Etxean, arratsaldeko 17:30etan. Julio Soto bertan izango da. Iruritan jokatuko da bigarrena, Gizarte Bilgunean, otsailaren 27an, arratsaldeko 17:30etan. Iñigo Olaetxeak bertan kantatuko du. Azkeneko finalaurrekoa Atarrabian izango da, martxoaren 7an, Indurain Anaiak Kiroldegian, arratsaldeko 17:30etan. Jon Barberenak kantatuko du bertan.
Finala martxoaren 20an Lesakako pilotalekuan
Finalaurrekoetatik 8 bertsolari sailkatuko dira finalera. Aurtengo berrikuntza nagusietakoa finalaren leku-aldaketa izango da, Lesakan jokatuko baita, martxoaren 20an, pilotalekuan, arratsaldeko 17etan. Lur dantzalekua txiki geratua zen jada, eta horregatik aldatu dira lekuz.