Errege bezperako joare soinuak inauteriak heldu diren seinale omen dira. Eta halaxe da, astebete baino ez baita falta Ituren, Aurtitz eta Zubietako inauteriak hasteko. Heldu den ortzegunean, beraz, hilak 28, joareak berriz jauntziko dituzte. Ortzegunean puskak biltzen ibiliko dira etxez-etxe, eta larunbatean eta igandean berdin segituko dute, hori bai, joareak bizkarrean.
Egun haundiak, halere, astelehena eta asteartea izaten dira. Eta orduan biltzen da halaber, jende gehien Ituren, Aurtitz eta Zubietan. Iturendarrentzat, beharbada, astelehena izan daiteke egun haundiena, egun horretan aurtiztar eta zubietarren bisita jasotzen baitute herrian. Iritzi horretakoa da Imanol Bazterrika iturendarra: “herriko eguna astelehena da. Bertze egunak ere politak izaten dira, baina astelehena da niretzat hoberena”. Gauza bera pentsatuko dute agian zubietarrek astearteari buruz, egun horretan, Aurtitz eta Iturengo joaldunak joaten baitzaizkie bisitan. Joaldunez gain, mozorroak ere eguneko protagonista izaten dira. Eta Bazterrikak, adibidez, gustuko du mozorrotzea: “Astelehenean joaldun azkarki ateratzen denez, ni mozorrotu egiten naiz, eta gustatzen zait”.
Edonola ere, ttikitatik zerbait berezia da joaldun izatea hiru txoko hauetan. “Joaldunak eta joareak jotzea berezia da”, dio Bazterrikak. “Joareengatik sortu ziren inauteriak eta gainera aspaldikoak dira. Horregatik izanen dira berexiak”. Zerbait badute bai joare soinuek, bertakoek barren-barrenetik bizi baitituzte egun hauek eta kanpokoen arreta ere bereganatua baitute aspaldiko urteotan.
EGITARAUA
OTSAILAK 1 astelehena
Zubietako joaldunak mozorro eta karrozek lagunduta Aurtiztarrei bisita eginen diete, herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joanen dira.
Lasagako Zarandia parean, denak elkartu eta herriari buelta emanen diote.
Joaldunek aperitiboa hartzen duten
bitartean, plazan karroza bakoitzak
bere ikuskizuna eginen du.
OTSAILAK 2 asteartea
Ituren, Aurtitz eta Lasagako joaldunek bisita bueltatuko diete Zubietarrei.
Urtero-urtero, batzuen ustez natura ernatzeko eta uzta berri eta ugariak emateko egiten den ohiturari eutsiz.
OTSAILAK 3 asteazkena
Zubietan hau izaten da inauterietako azken eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. Ondotik joareak jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean.
Aurtiztarrak eta Iturendarrak asteazkenean bazkaria eta arratsaldean etxez etxe ibiltzen dira joare eta trikitilariekin. ondotik afaria izaten da elkarteetan.
OTSAILAK 6 larunbata
Kontuen eguna izaten da, hain zuzen, Iñauteetako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Zubietan asteakenean egiten dute. Iñauteak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izaten dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak bertsolariak eta aizkora apostua izanen dira herriko plazan.
Bazkaldu ondotik dantzaldia izanen da eta, mozkorraldia izugarria ez bada, bederen, bestarekin segitzeko aukera dago, afari eta dantzaldian.
Aurtitzen xaharren afaria egiten dute eta Iturenen kontuen afaria, iñauteak heldu den urtera arte agurtuz