Sunbillako inauteriak

ttipi-ttapa 2010eko urtarrilaren 21a

TTIPI TTAPA

Egun eta asteetako lana jendaurrean erakutsiko dute bertze behin sunbildarrek inauterietako karrozen desfilean. Urteak joan urteak etorri, ideiak ez dira agortzen, eta beti karroza ikusgarri eta originalak diseinatzen dituzte. Beharbada, hori izanen da, Euskal Herrian lortu duten ospearen arrazoia. Nahiz eta ez diren hagitz aspaldikoak, jende ugari biltzen baita herri bazterrean karrozak ikustera. Batzuk lan gehiago hartuta eginak, denbora guttiagorekin eginak bertzeak. Baina beti badira batzuk karroza harrigarriekin ateratzen direnak. Hain zuzen, kuadrilla horietako batekoa da Unai Bertiz, eta eurek nola moldatzen diren azaldu digu.

Duela 13-14 urte hasi ziren Unai Bertiz eta bere kuadrilla karrozen desfilean parte hartzen: “10-11 urte izanen genituen”. Eta azken urteotan jendearen arreta bereganatzea lortu dute. Aitzinetik, noski, gogotik lan eginda. Izan ere, ideiarekin bueltaka abendua baino lehen hasten dira: ˝Asteburuetan afaltzen ari garela kuadrillan inauteriei buruz solasten hasten gara, eta norbaitek ideiaren bat baldin badu bota egiten du. Ideiarik ez badago, gelditu eta gogotu arte gaiak ateratzen ibil-tzen gara”. Eta guztien artean gehien gustatzen denak egiten du aitzinera.
Behin ideia buruan, abenduaren lehenbizitik hasten dira karroza egiten. “Ahalik eta abudoena”, dio Bertizek. “Segidan materiala biltzen hasten gara”. Normalean, larunbatetan biltzen omen dira, baina “desfile eguna hurbildu ahala, larunbatek ez dute nahikoa ematen eta aste tartez ere gelditzen gara”.

“Bakoitzak bere lana”

Karroza prestatzerakoan lanak banatu egiten dituztela erran digu sunbildar gazteak. “Bakoitzak duen ofizioaren aldera jotzen du. Zurgina denak zurgin lanak egiten ditu, burdin lanak bertzeak, pintatzen bertze batzuk…”.

Eta eguna ailegatzean, zer?
“Gorputzak irauten duen arte segi”. Horrela erantzun digu sunbildarrak, eguna ailegatzean zer egiten duten galdetuta. Izan ere, inauteriak ortzi­raleko eskearekin hasten dituzte. Larunbata ere bestarako eguna izaten denez, erretiratu gabe joaten dira igandeko karrozen desfilera. Eta behin desfilea hasitakoan, “gaiaren arabera, zeregina izaten dugu. Bakoitzak bere paperean sartu eta bere saioa eskaini behar du”. Etorkizunera begira, oraindik urteetan karrozak egiten segitzeko intentzioa dutela ere baieztatu digu.
Talde bakoitza berean ariko da honezkero burubelarri. Gainerakoen­tzako, berriz, hitzordua egina dago: urtarrilaren 31n 11:30ean abiatuko dira karrozak ohiko itzuliarekin.

 

EGITARAUA

URTARRILAK 29 ostirala
09:00etan Gazteek gosaria, ondotik baserrietara joanen dira.

Bazkaria baserrietan.

Atsaldean Herriko haurrentzako txokolatada Ulibeltzak elkartean.

16:00-18:00etara Musika Agerralderekin.    

20:00-22:00etara Dantzaldia Bixenterekin arkupeetan.

21:30ean Eskean dabiltzan gazteen afaria Itturburun.

Gauean Emakumeen afaria Ulibeltzak elkartean eta  dantzaldia Agerralderekin

 

URTARRILAK 30  larunbata
10:00etan Gosaria Itturburu ostatuan.

Gero karrikaz karrika eskean ibiliko dira Modesto eta Joxe Angelekin.

14:00etan Eskean dabiltzanen­tzat bazkaria Fonda ostatuan.

Atsaldean Umeentzako txokolatada eta musika Agerralderekin.

20:00-22:00etara Dantzaldia Modesto eta Joxe Angelekin udaletxeko arkupeetan.    

Gauean Eskean dabiltzanen­tzat afaria Elor-txurin.

 

URTARRILAK 31  igandea

11:30ean Karrozen desfilea Galtzagorri  txarangarekin, opillak, gaztainak,  hezur salda, tortilla eta ardoa banatuko dira ikusleen artean.

Gero Zerri eta bildots zozketa.

14:30ean Bazkaria Ulibeltzak elkartean.

Gero Dan­tzaldia Jalisko Band  taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun