«Gure mokoka aritzeaz zukua ateriz, botere eta diruaren jabeak direla probestuz, finantziazio iturriak itxi, legalitatea zirikatuz oreka labainkorrera eraman eta, hitz gutxitan, ahal den gutxiena bueltatu, ahal den gehiena kendu eta bidea trabaz betetzen jarraitu»
Denbora gehiegi daramakigu begien aurrean duguna sinetsi ezinik. Berriro ere, boteretik murriztu behar dituzte ustez guriak ziren eskubideak: hizkuntzarenak, alegia. Euskara ofiziala da. Hain ofiziala omen, Eguberrietako mezu politikoan zoriontzeko balio duela. Nahiko eta sobera!
Zertarako da ofiziala? Egun, mugak gero eta zehatzagoak, altuagoak, maltzurragoak, jasateko balioduna dugu. Nafarren arteko bereizketa ezarri zen garai batean, gaur ez-euskaldun gehiengo batentzat euskara uler ez daitekeen mamua da, mehatxua. Maiz, politikarekin loturik ikusten baita, izaera eta pentsaera desberdinak urratu nahi duen tresnatzat hartzen dute. Deusetarako balio ez duen hizkuntz bat izateaz gain... ingelesez hobe.
Ingeleseko bidea jorratzen ari dira hezkuntza bertan, momentuz genuen alor sendoena eta eraginkorrena. Eraso miserablez josi gaituzte, gure ezintasuna neurtu dutelako. Ez gera gauza baturik aritzeko, tradizionalki eta egiazki elkar muturka jokatzeko ohitura dugulako. Bakoitzaren egia bakarra eta dogma tamainakoa izanik, ñabardurei tokia kentzen diegu, elkar aritzeko aukerei atea itxi eta indarrak sakabanatzeko modu aproposena lantzen dugu. Nabarmena.
Nabarmenegia. Hainbeste, aurkariek arazorik ez dutela izanen ikusi dutela. Pragmatikoak dira, praktikari, ekintza eraginkorrari, benetan gertatzen denari begira jokatzen dute. Gure mokoka aritzeaz zukua ateriz, botere eta diruaren jabeak direla probestuz, finantziazio iturriak itxi, legalitatea zirikatuz oreka labainkorrera eraman eta, hitz gutxitan, ahal den gutxiena bueltatu, ahal den gehiena kendu eta bidea trabaz betetzen jarraitu. Hori dute metodoa. Helburua? Hizkuntza despolitizatu? Garatu edo garapenean lagundu? Txakurraren bibolina! Aldarrikatu ez daitekeen etsaia dute euskara, edozein hizkuntza etsaia nola izan daitekeen ulertzerik ez badago ere.
Hau guztia nola urratu? Politikarien zain geldituz gero, luzeegia izan daiteke bidea. Ez dakit hainbeste denbora dugun.