Nafarroako Euskara Zerbitzuak itolarrian

ttipi-ttapa 2010eko urtarrilaren 21a

Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkartekideak

«Hizkuntza politika suntsitzailearen ondorioz litekeena da euskara zerbitzu batzuk epe laburrean desagertzea»

Egoera honen larria ez balitz, Nafarroako Gobernuan guraizeak hartu eta aurrekontuekin josta­tzen hasi direla pentsa genezake: ebaki hemendik, moztu handik… eta ea azkenean zerbait geldi­tzen den. Errealitatea askoz ere gordinagoa da, ordea. Krisi ekonomikoaren aitzaki-maitzaki, UPNren Gobernuak PSNren bultzadarekin,  sprinta egitea erabaki du, nonbait, euskararen mundua itotzeko lasterketan. Batez ere 2004tik hona tantaka iritsi zaizkigun diru-laguntzen murrizketak uholde bihurtu dira Gobernuak Euskarabidea sortu duen honetan, eta asko dira oldarraldi honek berekin hondamendira eraman ditzakeen proiektuak. Diru-laguntza murrizketa horien ondorioz Euskara bera eta euskaldunon komunitatea gara kaltetu zuzenak. Eta horrela salatu izan da ia egunero hedabideetan gobernuaren jokaera gaitzesteko azaldu diren artikuluetan. Oraingo honetan, beste ikuspegi batetik salatu nahi dugu sortzen ari den egoera, hain zuzen ere langileak garen aldetik. Azken batean, euskaltegiek, euskarazko komunikabideek, beste erakundeek eta udalek euskara sustatzeko ematen dituzten zerbitzuen atzean langileak ere bagaude. Gobernuak 1998an hitzarmena sinatu zuen hainbat toki entitateekin horietako euskara zerbitzuak abian jar­tzen lagun­tzeko. Hurrengo urtean 576.200 euro eman zituen, eta zerbitzuen kopuruak 18tik 23ra gora egin badu ere, diru kopuru hori gainbeheran joan da nabarmen 2005. urtean erdira jaitsi baitzen, 374.700eurora, Pegenaute Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusi zela. Ondoren, euskararen salbatzailetzat aurkeztu ziguten Xabier Azanza etorri zen eta aurten berriz ere minimo historikoetara, 300.000 euro eskasera jaitsi da laguntza hori. Baina ahoa itxi ezinik geratu gara jakin dugunean heldu den urteko aurrekontuetan dirulaguntza hori 10.000 euroko kantitate sinbolikoan utzi dela, Alberto Catalan Hezkuntza Departamentuko buru dela. Aurreko 13 urteetan Iruñeko Udalak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza propioa izan arren, hurrengo urtean 10.000 euro horiek Iruñarekin ere konpartitu beharko ditugu. Jakina, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza murriztuz joan den heinean, udalek areagotu behar izan dute haien ekarpena. Egia da zenbait udalek egoera erabil dezaketela hain deseroso zaizkien euskara zerbitzuak deuseztatzeko, baina zerbitzu horiek iraunarazteko beharra, asmoa eta gogoa agertzen duten beste udal batzuek ere nekez eutsi ahal izanen diote itolarri ekonomikoari. Kontuan izan hainbat lekutan euskara zerbitzua dela gure hizkuntza sustatzeko egun dagoen ia bide bakarra, litekeena baita oso, hizkuntza politika suntsitzaile horren ondorioz, euskara zerbitzu batzuk epe laburrean desagertzea, eta haiekin batera teknikarien lanpostuak eta urteetan egindako lan neketsua. Beste toki entitate batzuek euskara zerbitzuei eutsiko diete baina, diru murrizketen ondorioz, espero liteke horien normalizazio planak ere kaltetuak izatea. Beraz, euskaltzale eta arloko langile gisa gure kezka eta haserrea agerrarazi nahi dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun