Funveran 47 kaleratze onartu ondotik lan etorkizunak kezka sortzen du eskualdean

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 21a

Funverako langileek hainbat mobilizazio egin dituzte eta egiten ari dira beraien lanpostuen defentsan. TTIPI TTAPA

Industrian, lantegi handietako langileak EREtan murgilduak; langabetuen erdia baino gehiago zerbitzu arloan eta abeltzaintza ere krisiak jota.

Lan arloko berri beltzekin joan zen 2009. urtea. Errate baterako, abenduaren 31n sekula baino langabetu gehiagok emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan (1.114), bi urte lehenagoko kopurua (598) kasik bikoiztuz. Urte berria ere beltz hasi da, Nafarroako Gobernuak Funveran 47 kaleratze baimendu ditu eta gainerako langileek 117 eguneko suspentsio EREa izanen lukete.

Baztan-Bidasoaldeko alkate eta zinego­tziek abenduaren 26an ELA eta LABek Etorkizun duin baten alde, Baztan-Bidasoa bizirik lelopean deitutako manifestazioarekin bat egiteko agirian garbi zioten: «Funvera enpresa laborategi moduko bat izanen da Bortzirietan eta atzetik eto­rriko diren enpresak intentzio berdinak izaten ahal dituzte». Nafarroako Gobernuak enpresa ho­rretan 47 langile karrikaratzeko baimena eman zuen ilbel­tzaren 4an eta lantegian geldituko diren 86 langileek 117 eguneko suspentsio EREa izanen dute. Erabaki honekin konforme ez eta abenduaren 2an hasitako mugagabeko grebarekin segitzen dute Funverako langileek. Honek erakus dezake in­guruko lantegi handienetan zer datorren, «bidea irekitzen du eta kontagio-efektua eragin dezake», ELAko Jose Mari Arribillagaren erranetan, nahiz eta itxu­ra batean, Lesakako Arcelor lantegian oraindik inon ageri ez diren inber­tsioak eginen diren, Bidasoa Planaren baitan. Zenbakiak hor daude: 20.000 bizilagun ingu­ruko eremuan 7.500  lagunek osatzen dute populazio aktiboa, 2.000 langile EREetan murgilduak daude eta 1.114 langabezian. Baina Funverako langileek gogorarazi duten moduan, zenbaki huts eta hotzen gibelean per­tsonak eta familiak daude. EREan dauden langileak ez dira langa­betutzat jotzen, baina langabezia-saritik ko­bratzen dute soldata. Eta langabezia-saria lan egindako urteen arabera kobratzen da, bi urtez gehienez.
Doneztebeko Enplegu Bulegotik jakinarazitakoaren arabera, joan den urteko abuztuan eskualdeko 70 lagun langa­bezi-saria bukatutakoan ematen den hileko 420 euroak ko­bratzen ari ziren dagoeneko. Kopuru hori bikoiztu egin da urte hasiera honetan eta 170 bat lan­gabe ari dira subsidio hori kobratzen. Familiako zama edo adinaren arabera, ber­tze subsidio mota ba­tzuk ere kobratzen ahal dituzte langabeek.
Condesa taldeko Zalain Transformados lantegian ere, iaz bezala, Enplegu Erregulazio Espedientea ezarri nahi dute langileen oniri­tzirik gabe, «ez baitu inolako osagarririk ezta tranparentzia konpromisorik ere». 2005ean 440 langile ari ziren Zalainen, horietatik 120 ebentualak. Orain 299 ari dira. Funveran ere 202 langile zituzten 2008an, 148 iaz eta kaleratzeak gauzatuz gero, 86tan geldituko dira aurten.

Enpresak itxi edo langile guttiagorekin
Bi lantegi hauek dira gaur egun egoera gordinena dutena, baina Joxe Mari Arribillagari, 140 langile inguru dituen Saverak ere kezka eragiten dio, «hor ere EREekin dabiltza eta Txinan eta Brasilen lan bera egiten duten lantegiak daude».
Gogoratu behar da iaz zenbait lantegi itxi zirela. Aranoko Heineken izan zen handiena, 82 langilerekin, baina Bortzirietan, 40 bat langile zituzten eraikun­tza arloko Bordamine eta Bikain eta Irigoien zerra­tegia ere itxi egin ziren. Izan ere, Sakanaren ondotik, gure inguru hau da Nafarroan krisiak bortitzen jo duen eskualdea. Langile guttiagorekin funtzionatzen ari dira lantegi gehienak, sindikatuek emandako datuen arabera. Eskualdeko enpresarik handienak, Arcelor-Mittal­e­k, 730 langile zituen Legasan eta Lesakan 2006an eta orain 620 ditu. Garai­rik onenetan 1.500 langile izan zituen Leitzako Sarriopapel enpresak kasik ehun langile galdu ditu 2000. urtetik (455 langile) 2010era (360).
Enpresa ertain eta txikietan ere somatzen ari da jautsiera. Berako Composites Gureak 60 langile zituen 2004an eta 32 ditu urte hasiera honetan.Berako Alpha Ibericak 24 langile ditu orain eta 34 zituen 2008an. Electricidad Ayala enpresak 9 langile zituen 2008an eta baka­rra 2010ean.

Sindikatuen kezka
LABeko Koldo Saenzen arabera, «eskualdeko errealitate ekonomikoa arriskuan dago, orain arte ezagutu dugun industria-sarea suntsi­tzen ari dira, zerbitzuetan oinarritutako ekonomia sustatzeko. Honek gure iri­tziz eskualdearen heriotza ekarriko luke, hainbat langilek kanpora joan beharko luketeelako eta he­rriak bizirik gabe geldituko liratekeelako ciudad dormitorioen fenomenoa areagotuz».
UGTko Joaquin Bengoetxeak, Bidasoa Planaren barnean Arcelorrerako aurreikusia dagoen inbertsioan ja­rria du lan egoera hobetzeko itxaropena, «gaur egun beltz» dagoela aipatu baitigu. Arcelorrek Lesakan egiteko dituen inbertsioak epeka gauzatzekoak direla ere adierazi digu Bengoetxeak, eta «epe horiek lehenbailehen gauzatzen joatea» izan beharko du sindikatuen zeregina. Alde horretatik, ELAko Joxe Mari Arribillagak aipatu digunez, «gauzak mantso doaz eta Lesakako lantegian oraindik lanez murritz dabiltza, kezkatuak daude».

LANGABETUAK


Arano    7
Arantza    19
Areso    7
Baztan    282
Beintza-Labaien    7
Bera    138
Bertizarana    42
Donamaria    14
Doneztebe    85
Elgorriaga    8
Eratsun    10
Etxalar    31
Ezkurra    6
Goizueta    35
Igantzi    23
Ituren    21
Leitza    119
Lesaka    111
Oitz    11
Saldias    4
Sunbilla    34
Urdazubi    13
Urrotz    4
Zubieta    12
Zugarramurdi    10
(1) 2009ko azaroko datuak

 

Joxe Mari ARRIBILLAGA - ELA
«Funveran gertatu dena ikusita urte hasiera beltza dator, hori bistakoa da. Beharbada ekain aldera edo udako oporraldiaren ondotik ikusten hasiko gara nolako etorkizuna duen Bidasoaldeak»

Koldo SAENZ - LAB
«Patronala eta Gobernuak krisiaz aprobetxatzen ari dira langileriaren eskubideak suntsitu eta beraien interesak inposatzeko, negozioa egiten segitu eta langileria ahal bezain bertze estutzeko»

Joaquin BENGOETXEA - UGT

«Metal arloan egoera ez da batere ona, baina itxaropena dugu Bidasoa Planak Arcelor lantegian ekarriko dituen inbertsioekin. Horiek lehenbailehen
gauzatzeko lan egin beharko dugu»

 

ENPLEGU ERREGULAZIOA
39 LANTEGITAN  eman dira EREak 2009 urtean (29 aldi baterako eta 10 ixteko)
1.728LANGILERI  eragin zieten Enplegu Erregulazio Espediente horiek iaz. 222 langilek lanpostua galdu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun