Aizkora apustuak eta txapelketak, 1949-2009 liburu mardul bezain interesgarria argitaratu du Antton Espelosin sunbildarrak. Hirurogei urte horietan aizkora munduan izan diren apustuak ez ezik, txapelketak eta Euskal Herriko hamabi txapeldunen biografia laburra ere bildu du Espelosinek. Orain hiru urte Ramon Latasa, basoko aizkolaria liburuaren irabaziak Sunbillako aizkolariaren eskultura egiteko erabili bazituen, oraingokoarekin Mindegiari eskaini nahi lioke oroigarria Zubietan.
Aizkorazaleak badu nahitaez kontsultatu beharreko liburu mardula: Antton Espelosinek 700 orrialdetan bildu du azken 60 urtetan han-hemenka jokatu diren 788 txapelketa eta apustuetako argazkiak, datuak, enbor bakoitza mozteko erabilitako denborak… Bi urteko lan izugarria dauka gibeletik Espelosinen liburuak. Donostiako Koldo Mitxelenan informazio aunitz bildu eta inprimatu zuen, laburpenak egin, ordenagailura pasatu, Diario de Navarra egunkariari argazkiak erosi, Luis Mari Bengoak eta hainbat aizkolarik borondatez utzitakoak… «Zailena –dio Espelosinek– 1980 urte bitarteko apustuen informazioa biltzea izan da, inguru horretan Federazioak finkatu ziren eta errazagoa da datuak lortzea». Jendeari galdetuz osatu du informazio hori, Doneztebeko Martin Belarrari, Leitzako Miguel Zabaletari… apustu aunitz Donezteben eta Lekunberrin jokatu baitziren.
Rafael Agirre Francok duela 30 urte argitaratu zuen Gipuzkoako aizkora txapelketa eta apustuei buruzko liburua eta bertzerik ez zela ikusiz, horretan hasi zen Espelosin. «Lehenbiziko txapelketa ofiziala 1950ean Martin Gartziarena leitzarrak irabazi zuen eta urte hori hartu dut abiapuntutzat». Noizbait Euskal Herriko txapeldun suertatu diren 12 aizkolarien biografia labur bat ere egin du. Txapelketei dagokienez, Euskadiko lehen eta bigarren mailakoak eta gazte mailakoak hartu ditu kontuan eta herrialdeka, lehen eta bigarren mailakoak, banaka nahiz binaka.
60 urteko laburpen hori eginda, bere ustez historiako aizkolaririk handiena zein izan den galdegin diogu Espelosini: «Zaila da bereiztea, baina Mindegia izan da txapel kopuruaren aldetik gehien irabazi dituena eta 60 urterekin oraindik hor dabil goi-mailan; Latasak ere dohain bereziak zituen, baina gauza batengatik edo bertzearengatik, ez zuen aprobetxatzen jakin».
Apustuei dagokienez, apustu handi eta berezi aunitz jokatu direla jakitun, «Luxiak eta Latasak Donostiako zezen-plazan 1959ko apirilaren 26an jokatutakoa» nabarmendu du egileak. «Orain dela 50 urte 225 pezeta balio zuen sarrerak, (oraingo 200 euro edo) eta halere kasik 18.000 lagun sartu ziren eta bertze aunitz kanpoan gelditu, ezin sartuz». Donato Larretxeak eta Mikel Mindegiak joan den urteko azaroan Tolosan jokatutakoa ere azpimarratu du, «batek 50 urterekin eta bertzeak 60 urterekin egindako lana handia izan da. Pena, eguraldiarengatik jende gutti bildu zela». Urteetan apustu gutti egin baldin badira ere, berriz ere indartzen ari dela uste du Espelosinek.
Liburua 30 eurotan salgai dago eta irabaziekin Zubietan Mindegia berari eskultura bat egiteko asmoa du. Liburua euskaraz egin du, «euskal kirola delako eta euskaraz egin behar zelako, barrenetik hori ateratzen zitzaidan. Jendeak erran dit erdaraz eginez gero, gehiago salduko litzatekeela, baina erosten duenak egin dezala ahalegintxo bat euskaraz irakurtzeko, erraz irakurtzen baita».
APOSTURIK HANDIENA
«Luxiak eta Latasak Donostiako zezen-plazan 1959ko apirilaren 26an jokatutakoa. 225 pezeta balio zuen sarrerak (oraingo 200 euro inguru) eta halere kasik 18.000 lagun sartu ziren eta bertze aunitz kanpoan gelditu behar, ezin sartuz»