Presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea

Xan Harriague 2010eko urtarrilaren 21a

TTIPI TTAPA

50 bat lagun bildu ziren abenduaren 31n euskal presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen galdetzeko. Presoak haien etxeetatik hurbiltzea, eritasun grabeak, alegia, minbizia edo sendaezinak diren eritasunak dituztenak libra­tzea eta eman zitzaien kartzela zigorra bete dutenak libratzea galdetu zuten. Besteak beste, aukera baliatu zuten presoen argazkien aurkako ehiza salatzeko. Joan den urteaz geroztik preso baten argazkia erakustea delitu bat da Hegoaldean. «Terrorismoa goraipatzea» leporatzen dute Espainiako aginteek eta hori egiten dutenek bi urteko kartzela zigorra arriskatzen dute soilik lagun edo familiar baten argazkia erakusteagatik. Gisa berean salatu zuten haien bisita­tzera joaten direnei azken hilabete hauetan inposatzen zaien ukimenezko miaketa. Burdina aurkitzeko arkupetik pasatzeaz gain, eskuz miatuak izatea behartzen dituzte eta kasu batzuetan jendea biluzteraino arribatu dira. Elkarretaratzean nabarmentzekoa izan zen herriko kontseiluaren presentzia bospasei ordezkarik parte hartu baitzuten giza eskubideen defentsan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun