27 bertsolarik hartuko dute parte Nafarroako 39. Bertsolari Txapelketan. Larunbat honetan Aizarotzen jokatuko den lehen azken-laurdenean emanen zaio hasiera, eta finala martxoaren 20an Lesakako pilotalekuan jokatuko da. Horrelaxe jakinarazi dute asteazken goizean Iruñean egindako prentsaurrekoan Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko Sustapen eragileak, CAN Fundazioko Irantzu Vazquezek eta Nafarroako Komunikazio Saileko Lorea Leonek.
Hori baino lehen, lau azken-laurden izanen dira, seina bertsolarirekin, eta hauetatik 15 finalaurrekoetara sailkatuko dira, azken-laurden bakoitzeko lehen sailkatua eta puntuaziorik onena eskuratzen duten 11 lagun. Hiru finalaurreko jokatuko dira seina bertsolarirekin eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea eta puntuaziorik onena eskuratzen duten bertze bortz sailkatuko dira finalerako.
Azken-laurdenak
Larunbat honetan, hilak 23, arratsaldeko 17:30ean Aizarotzen Basaburuko Kultur Etxean eginen den lehen saioan, sei bertsolariok ariko dira: Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Aimar Karrika, Iker Gorosterrazu, Oier Lakuntza eta Arkaitz Goikoetxea.
Bigarren azken-laurdena igandean, hilak 24, izanen da Sunbillako Ulibeltza Elkartean, 17:30ean. Xabier Legarreta, Aritz Saragueta, Iñaki Aleman, Iñigo Ibarra, Ekaitz Astiz eta Egoitz Gorosterrazu ariko dira.
Hirugarren azken-laurdena urtarrilaren 31n jokatuko da Agoitzeko Kultur Etxean 17:30ean. Bertsolari hauen txanda izanen da: Ander Fuentes Itturri, Migel Mari Elosegi Luze, Saioa Alkaiza, Diego Riaño, Oskar Estanga eta Jose Luis Barberia Zili.
Laugarren eta azken laurdenean sei hauek ariko dira: Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe, Alazne Untxalo, Xabier Terreros, Estitxu Arozena eta Ioar Tainta. Garesko udaletxeko erabilera anitzeko aretoan izanen da emanaldia otsailaren 6an, 17:30ean.
Finala Lesakako pilotalekuan martxoaren 20an
Lehenbiziko finalaurrekoa otsailaren 20an eginen da Etxarri Aranazko Kultur Etxean eta Julio Sotorekin batera, azken-laurdenetako bortz bertsolari ariko dira.
Bigarren finalaurrekoan, otsailaren 27an Iruritako Gizarte Bilgunean eginen denean, Iñigo Olaetxearekin batera azken-laurdenetako bertze bortz bertsolari ariko dira.
Hirugarren finalaurrekoa Atarrabiako Indurain Anaiak kiroldegian jokatuko da. Honetan, Jon Barberenarekin batera, azken-laurdenetako bortz bertsolari ariko dira.
Martxoaren 20an Lesakan eginen den finalean, azkenik, zortzi bertsolari onenak lehiatuko dira. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira.
Txapeldunaren atsedena
Iaz baino bi parte-hartzaile gehiago ariko dira aurtengo txapelketan. Lau bertsolari (Egoitz Gorosterrazu, Ioar Tainta, Arkaitz Goikoetxea eta Jose Luis Barberia) lehen aldiz ariko dira. Hortaz aparte, atsedenaldia hartu ondotik, Oskar Estanga eta Estitxu Arozena berriz taula gainean ikusiko ditugu, eta joan den urtean parte hartu zutenen artean, gaur egungo txapelduna Xabier Silveira, Erika Lagoma (hirugarrena), Joxe Juan Zubieta Etxabe eta Garaxi Taberna ez dira ariko.