27 bertsolarik parte hartuko dute larunbat honetan hasiko den Nafarroako Txapelketan

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 20a

Fermin ETXEKOLONEA

Bigarren saioa igandean Sunbillan eginen da

27 bertsolarik hartuko dute parte Nafarroako 39. Ber­tso­­lari Txapelketan. Larunbat honetan Aizarotzen jokatuko den lehen azken-laurdenean emanen zaio hasiera, eta  fina­la martxoaren 20an Lesakako pilotalekuan jokatuko da.
Hori baino lehen, lau azken-laurden izanen dira, seina ber­tso­la­rirekin, eta hauetatik 15 fina­lau­­rrekoetara sailkatuko dira, azken-laurden bakoitzeko lehen sailkatua eta puntuaziorik onena eskuratzen duten 11 lagun. Hiru finalaurreko jokatu­ko dira seina ber­tso­larirekin eta finalaurreko bakoi­tzeko irabazlea eta puntuaziorik onena eskuratzen duten bertze bortz sailkatuko dira finalerako.

Azken-laurdenak
Larunbat honetan, hilak 23, Aizaro­tzen Basaburuko Kultur Etxean eginen den lehen saioan, sei bertsolariok ariko dira: Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Aimar Karrika, Iker Gorosterrazu, Oier Lakuntza eta Arkaitz Goikoetxea.
Bigarren azken-laurdena igandean, hilak 24, izanen da Sunbillako Ulibeltza Elkartean. Xabier Legarreta, Aritz Saragueta, Iñaki Aleman, Iñigo Iba­rra, Ekaitz Astiz eta Egoitz Gorosterrazu ariko dira.
Hirugarren azken-laurdena urtarrilaren 31n jokatuko da Agoitzeko Kultur Etxean. Ber­tsolari hauen txanda izanen da: Ander Fuentes Itturri, Migel Mari Elosegi Luze, Saioa Alkaiza, Diego Riaño, Oskar Estanga eta Jose Luis Barberia Zili.
Laugarren eta azken laurdenean sei hauek ariko dira: Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe, Alazne Untxalo, Xabier Te­rreros, Estitxu Arozena eta Ioar Tainta. Garesko udaletxe­ko erabilera anitzeko aretoan izanen da emanaldia.

Finalaurrekoak
Lehenbiziko finalaurrekoa otsailaren 20an eginen da Etxa­rri Aranazko Kultur Etxean eta Julio Sotorekin batera, azken-laurdenetako bortz bertsolari ariko dira.
Bigarren finalaurrekoan, otsai­laren 27an Iruritako Gizarte Bilgunean eginen denean, Iñigo Olaetxearekin batera azken-laurdenetako bertze bortz bertsolari ariko dira.
Hirugarren finalaurrekoa Atarrabiako Indurain Anaiak kiroldegian jokatuko da. Honetan, Jon Barberenarekin batera, azken-laurdenetako bortz bertsolari ariko dira.
Martxoaren 20an Lesakan eginen den finalean, azkenik, zortzi bertsolari onenak lehiatuko dira. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira.

Txapeldunaren atsedena
Iaz baino bi parte-hartzaile gehiago ariko dira aurtengo txapelketan. Lau bertsolari (Egoitz Gorosterrazu, Ioar Tain­ta, Arkaitz Goikoetxea eta Jose Luis Barberia) lehen aldiz ariko dira. Hortaz aparte, atse­denaldia hartu ondotik, Oskar Estanga eta Estitxu Arozena berriz taula gainean ikusiko ditugu, eta joan den urtean parte hartu zutenen artean, Xabier Silveira, Erika Lagoma, Joxe Juan Zubieta Etxabe eta Garaxi Taberna ez dira ariko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun