Baztan-Bidasoako Gida Fitur Feriarako tenorez argitaratu du Bertizko Partzuergoak

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 20a

Botelin informatiboa urtarrilaren 20an argitaratuko da

Bertizko Turismo Partzuergoak Baztan-Bidasoa eskualdeko gida Fitur eramateko garaiz bukatu du, urteroko prozedurari jarraituz. Urtearen azken hiruhilabetean  maketazioa prestatzen da, partaide diren udalen eta bazkide diren establezimendu turistikoen informazioarekin. Bestak, ibilbide, artisau eta garraio publikoen berri ere ematen da. Eredu bat euskeraz eta gazteleraz argitaratzen da eta bertzea frantses eta ingelesez.

Madrilgo Fitur azokan erabiliko da lehenengo aldiz, non Bertiz Partzuergoa Nafarroako stand-an egonen da, aurten Zugarramurdiko herria bereziki laguntzen. Izan ere aurten ekitaldi egutegi sendo bat aurkeztu behar dute Logroñoko inkisizio epaiketaren 400 urteurren honetan, gure eskualdera bisitari aunitz erakarriko duena, dudarik gabe.

Fiturren ondotik, Baztan-Bidasoako gida Europako hogeiren bat azoketara bidaltzen da eta Partzuergoaren teknikoak stand propioarekin joaten diren zortzi azoketetan ere banatuko da.
Azkenik, gida informazio turistiko puntu guztietan eta bazkide diren establezimenduetan banatzen da.

Bertzaldetik, Partzuergoaren 2009. urtearen ekimenen memoria ere argitaratu da. Duela zenbait urte egiten denez, urtean zehar egindako ekintza guztiak laburbilduz jasotzen da. Memoria Partzuegoaren web orritik jaisten ahal da: www.consorciobertiz.org

Urtarrilaren 20an Partzuergoaren hurrengo boletina argitaratuko da, gure eskualdeko ihauterietan zentratua. Beti bezala, bazkide eta informazio bulegoei bidaliko zaie, eta eskuragai egonen da baita ere Partzuergoaren web orriaren agendan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun