Eguberriak pasa berritan dagoeneko inauteriek gain-gainean ditugu

Arkaitz MINDEGIA 2010eko urtarrilaren 20a

TTIPI TTAPA

Aste baten bueltan inauteriak izanen ditugu

Oraindik inauterietarako aste bat falta den arren, prestatzen hasiak dira herritarrak. Urtero bezala, ortzegunarekin, 28an, hasiko dira, lehendabiziko puxka bil­tze eta afariarekin. Ortzi­ralean atseden hartu ondotik, larunbat arra­tsean berriro ere afaria izanen da. Igande goizean berriz puxkak bildu eta bazkari eta afariak izanen dira elkarteetan.
Eta eskualdean ga­rrantzitsuenak diren egunak astelehen eta astearteko mozorro eta joaldunen joan-etorriak izanen dira. Asteazkena lasaixeago joanen da eta denak elkarrekin bazkaldu ondotik etxez-etxe ibiliko dira.

Kontuen eguna
Otsailaren 6an, larunbata, Iturenen kontuen eguna izanen da, inauterietako azken eguna, hain zuzen. Urtero, bazkaria izaten da Herri­ko Etxe­ko ganbaran eta bazkal aitzinetik aizkora apustua eta bertsolariak izaten dira plazan.
Aurtitzen, berriz, egun horretan, zaharren afaria izaten da eta nahiz eta zaharren afaria deitu, gazte, heldu eta xahar, denak elkar­tzen dira. Eta biharamunean, igandean kontuen eguna izaten da. Goizean kontuak egin eta eguerdian bazkariarekin amai­tzen dira inauteriak.
Badakizue, hurbildu nahi baduzue, gonbidatuak zaudete gure he­rriko ohitura polit hau ezagutzera.

Eskolan ere prestatzen
Eguberrietako opo­rren bueltan, hilaren 11n hasi ziren gazte­txoak eskolan burubelarri. Orain bi aste eskasetan, inaute­rietako ortzi­raleko egitaraua presta­tuko dute. Izan ere, or­tziral goizeko lehen orduak ikasten pasatu ondotik, errekreoa eta gero, ikasleak mozorroak prestatzen hasiko dira. Goiz bazkaldu, eta 14:00 aldera he­rriari itzu­lia emanen diote eta arra­tsaldean txokolada izanen dute.
Joaldun gazteek ere ha­rro jotzen dituzte joareak egun honetan, eta nola ez, musika doinuak ere ezin falta, he­rri­ko triki­tilari eta pande­ro­joleei esker.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun