Joan den larunbatean, urtarrilaren 16an bukatu zen Bolivar-en, Buenos Aires probintzia barnealdean, 2010 Dakar Argentina Txile Rallya. Bizikletak, quad-ak, autoak eta kamioiak atera dira rally honetan. Beñat Errandonea saratarrak parte hartu du auto lasterketan eta euskalkultura.com webgunean ageri denez, duintasunez bukatu da saratarrak norgehiagoka, 16. postuan hain zuzen, 134 autok hasi eta 57k bakarrik bukatu duten erronkan.
Aurten, urtarrilaren lehenean hasi zen Argentinan Dakar Argentina-Txile 2010 delakoa. Kirol munduko ekitaldi garrantzitsu hau iragan larunbatean, urtarrilaren 16an, bukatu zen Bolivar-en. Ibilgailuak egun horretan bertan arratsaldez helduko ziren Buenos Airesera. Autoak Palermoko 'La Rural'eko aretoko instalazio itxian aparkatu eta igandean, hilaren 17an, sariak eman eta berehala pilotoak, bakoitza bere ibilgailuarekin, asmo horrekin propio itxitako hiriburuko kaleetan ibili ziren.
Norgehiagokan parte hartu zuten gidarien erdian Beñat Errandonea pilotoa (Sara, 1961 abuztuak 23) eta Jean-Pierre Garcin pilotokidea aipa daitezke, 323 zenbakiko autoa gidatzen, SMG marka edo eredukoa. 16. postuan gelditu zen. Abiatu ziren 134 autoetatik, 57 bakarrik iritsi ziren, %42a gutxi gora behera.
Beñat Errandonearen erronka ez da podiumeko koxketara igotzea Buggy SMG V8 auto xumea gidatzen baitu. Partehartzea da bere xedea eta euskalduna dela zabaltzen du lau haizetara. Frantziako hedabideek Le bouillant basque deitzen diote (euskaldun eferbeszentea) eta Dakar Rallyko webgune ofizialak ere Le basque erraten diote. Errandoneak aipatu duenez, “lasterketa hauetan gehien gustatzen zaidana ezustekoa da: inoiz ez dakizu zer gertatu behar den, inoiz ez da berdin”.
Ikurriña modu berezian 2007ko podiumean
Podiumeko koxketara igo ez bada ere, bitxikeri gisara, berari esker ikurriña ere ikusi da Dakarreko podiumean. Hain zuzen, 2007ko edizioa irabazi zuen Cyril Despres-i ikurriña zuten kantzontzillo batzuk oparitu zizkion, eta honek proba irabaztekotan erakutsiko zituela hitz eman zion saratarrari. Baita parioa bete ere! Jendearen harridurarako, Eurosport Telebistak zuzenean eskaini zuen sari banaketan hantxe agertu zen ikurriña! 2007ko edizio horretan hamabigarren izan zen Beñat Errandonea.