San Anton eguneko ospakizunak egin zituzten eskualdeko zenbait herritan

Aitor AROTZENA 2010eko urtarrilaren 18a

Goitian, Luis Miguel Mortalena albintea Elizondoko zozketarako txartelak saltzen. Beheitian, Endara auzoko San Anton baselizan hainbat lagun bildu ziren. TTIPI TTAPA

Elizondon, zozketako lehen saria den aretzearen jabea ez da azaldu oraindik

San Anton eguna ospatu zuten urtarrilaren 17an eskualdeko hainbat herritan. Lesakako Endara auzoan, hainbat lagun bildu zen, oinez, zaldiz, bizikletaz nahiz autoz, eguna erromeria giroan pasatzera. San Anton baselizan orduero mezak izan ziren eta batzuk, garai bateko ohiturari eutsiz, beraien aziendekin joan ziren (zakurrak batez ere), baselizari hiru itzuli eman eta osasuna segurtatzeko.
Plazan soinularien doinuekin dantzan ibili ziren gustora dantzariak. Erroskillak, taloak, eta bertzelako jan edatekoak eskaintzen zituzten postuak ere paratuak zeuden.
Goiz partea San Antonen pasatu ondotik, arratsaldean jendea herrira jautsi zen, plazan dantzaldia izan baitzen Egan taldearekin.

Aretzearen jaberik ez da agertu oraindik

Elizondon, dagoeneko 133 urte bete dituen zozketa egin zen, Francisco Joaquin de Iriarte erresidentziaren alde.
Lehenbiziko saria, aretze eder bat, 6.909 zenbakiari egokitu zitzaion, baina igandean ez zen Elizondoko Fermin Garcia-Mata botikan erositako txartelaren jaberik agertu. Bigarren saria, zerria, 12.708 zenbakiari egokitu zitzaion. Jose Antonio Urrutia elizondarra izan zen sariduna.
Hirugarren saria, bi bildots, 6.976 zenbakiari egokitu zitzaion. Almandozko alkateak, Luis Roldanek eskuratua zuen, baina bidai batera atera behar izan zuen Ana Mari Marin margolari ezagunarentzako erosi zuen.
Laugarren saria, urdaiazpiko bat, 4.404 zenbakiari egokitu zitzaion. Erratzun, Santiago Dendarietan dendan saldu zen, baina oraindik ez da saridunik agertu.
Sariak ateratzen Cecilia Adin Urtasun, Paula eta Elena Urrutia Goienetxe eta Maria Napal Goienetxe nxkak aritu ziren, Jon Elizetxe gartzaindarra eta Julen Zelaieta beratarra bertsotan aritu ziren bitartean.
Oraindik agertu ez diren saridunek hogei eguneko epea izanen dute saria eskuratzeko.

Zubietan ere egun berezia izan zuten San Anton ermitaren inguruan eta Erratzuko emakumeak afari batean bildu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun