San Anton Eguna ospatuko da igandean eta eskualdeko hainbat herrietan ospakizunak izanen dira.
Lesakako Endara auzoan, erraterako, garai batean, azienda feria zen eta Lesaka, Irun eta Oiartzun aldeko abeltzainak biltzen ziren beraien tratoak ixtera. Gaur egun, erromeri giroan bizitzen da eguna eta aunitz dira aipatutako herri horietatik ez ezik, Bortzirietatik eta bertze herrietatik oinez, bizikletaz, zaldiz nahiz kotxez hurbiltzen direnak. Goizeko 10etan hasita, orduero meza izaten da San Anton baselizan eta erroskillak eta taloak erosteko, dantzatzeko eta lagunartean trago bat hartzeko aprobetxatzen du jendeak eguna.
Lesakatik, goizeko 8etan abiatuta, mendi ateraldia antolatu du Beti Gazte elkarteak. Arratsaldean, behin herrira bueltatutakoan, Egan taldearekin dantzaldia izanen da plazan, arratsaldeko 18:30ak aldera, Kultur Batzordeak antolatua.
Zubietan
Zubietan ere goizean hasita, egun osoko egitaraua prestatu da.
Goizeko 11.00etan meza ospatuko da San Anton baselizan. Ondotik, luntxa eskainiko da baselizan. Segidan herriko gazteen artean herri kirolak jokatuko dira. 13.30ean Herriko Etxeko estalpean bazkaria eginen da. Trikitilariek alaituko dute bazkalondoa eta txartelak, berriz, herriko ostatu eta dendetan egonen dira salgai.
16.30tik 17:00ak aldera haurrentzako talo tailerra izanen da.
Ilunabar aldera, helduentzako mus txapelketa jokatuko da Herriko Ostatuan eta sari bereziak banatuko dira irabazleen artean.
Ilunabarretik aurrera Joxe Angel akordeoilariarekin dantzaldia izanen da.
Garai batean hain besta haundia zena berreskuratu nahi da neurri batean, eta ea bada animatzen den jendea. Ez lehen adina, baina beharbada aurten ere izanen da aziendak ekarri eta baselizari hiru buelta emanen dizkion herritarren bat ere.
Baztanen
Elizondon, Francisco Javier Iriarte erresidentziarako dirua biltzeko zozketa izaten da San Anton egunarekin. Txartelak euro batean salgai daude eta sari nagusia, igande goizean herriko karriketan ikusgai izanen den aretzea izanen da. Bertsolariak ere ariko dira.
Erratzuko emakumeak ere, afari baten bueltan biltzen dira San Anton egunarekin.