Malerrekako eskuz binakako txapelketa urtarrilaren 13an abiatuko da elite eta sub-22 mailetan

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 13a

Asteazken arratsaldean jokatuko dira partidak Donezteben eta Beran

Asteburu honetan abiatzekoa zen Erreka elkarteak zortzigarren urtez antolatutako Malerrekako eskuz binakako pilota txapelketa, baina elurrak kategoria ttikienen jardunaldia gibeleratu zuen.
Beraz, txapelketa abiatuko dutenak kategoria nagusietako pilotariak izanen dira, elite eta sub-22 mailakoak. Urtarrilaren 13an, asteazken arratsaldeko 16:30etik aitzinera Donezteben eta Beran ariko dira hurrenez hurren.
Donezteben elite mailako hiru partida jokatuko dira, Altsasuko Lazkoz eta Otxotorenak ezin baitute azkenean parte hartu. Honenbertzez, Txarutako Pikabea eta Arraztoa final laurdenerako zuzenean sailkatu dira.
Honenbertzez, jaialdiko lehen partida Huarteko Yoldik eta Errekako Madariagak, Villabonako Behar-Zana elkarteko Lizaso eta Errekaren kontra ariko dira.
Hernaniko Esnal eta Gorrotxategi, Aurrera Saiaz elkarteko Narbarte eta Titin III taldeko Peñasen kontra ariko dira eta Lesakako Irigoien eta Leitzako Iparagirre, Azpeitiako Ilunpeko Larrañaga eta Uzkudunen kontra.

22 urtez beheiti
Sub-22 txapelketari dagokionez, zortzi partida jokatuko dira asteazken arratsaldeko 16:30etik aitzinera Berako Eztegara pilotalekuan.
Oberenako Zuasti eta Iraizoz, Ikaztegietako Herrigintzako Alonso eta Olanoren kontra ariko dira lehenik; Aurrera Saiaz elkarteko Urbieta eta Jauregi, Titin III taldeko Remirez eta Artolaren kontra; Hernaniko Arrieta eta Esnaola, Lazkaoko Goikoetxea eta Otaegiren kontra; Aurrera Saiazeko Perez eta Errekako Zelaieta, Zugarraldeko Valencia eta Grajalen kontra; Oberenako Soto eta Artuch, Azpeitiko Ilunpeko Iriondo eta Murgiondoren kontra; Azkoitiko Oteizako Andueza eta Zendoia, Aldabideko Ezkurdia eta Lukinen kontra; Usurbilgo Arruti eta Zinkunegi, Ilunpeko Aldalur eta Arakistainen kontra eta Olaztiko Sutegiko Mayo eta Etxeberria, Gure Txokoako Bilbao eta Errekako Baleztenaren kontra.

Euskal Herriko Liga
Joan den asteburuan Euskal Herriko Ligari dagozkion zenbait partida jokatu zituzten Errekako pilotariek.
Donezteben, 22 urtez beheitiko kategorian, Errekako Oier Bereau iturendarrak eta Oitzeko Ugutz Zelaieta oiztarrak 16 eta 22 galdu zuten Oberenako Etxaide eta Artuchekin.
Jubenil mailan, Errekako Gaizka Bendoiro eratsundarrak eta Imanol Juanena urroztarrak 11 eta 22 galdu zuten Azpeitiko Ilunpeko Etxaniz eta Aizpururekin.
Jubenil mailan, eskuz banaka Ortuellan jokatutako partidan, aldiz, Errekako Irail Zestau doneztebarrak 22 eta 7 irabazi zion Ortuellako Danok Lagunak elkarteko Aginagari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun