Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emandako 1.114 langabeturekin bukatu zen 2009 urtea, azaroan baino 61 gehiago eta urrian baino 160 gehiago.
Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emandakoen langabetuen kopuruak nabarmen goiti egin du abenduan, %5,79, eta 1.053tik 1.114ra pasatu da. Nafarroa osoan, banaz bertze %3,58 igo zen langabezia.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 340 kontratu gauzatu ziren abenduan, baina horietatik 33 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
Adina eta sexuari dagokionez, , 25 urtez goitiko gizasemeetan 453tik 486ra igo da, adin horretako emakumeen artean, berriz, 459tik 489ra. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan 3 lagunetan beheiti egin du langabeziak, 90tik 87 jautsi da langabetu kopurua eta emakumeetan, 51tik 52ra igo da.
Arloz arlo
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, eta abenduan, gainera, nabarmen goiti egin du. Azaro hondarrean 570 langabetu ziren eta urte bukaeran 617, 47 gehiago. Industrian zertxobait beheiti egin du langabeziak, 258tik 252ra. Eraikuntzan, aldiz, 16 lagun gehiago daude langabezian, 165; nekazaritzan, 20tik 25era igo da langabetu kopurua. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean berdintsu mantentzen da langabetu kopurua eta 55 ziren abendu hondarrean, azaroan baino 1 guttiago.
Urte beltza
2009 urteko langabeziaren gorabeherak aztertuz, urte beltza dela erraten ahal da. 2008ko abenduan 847 langabetu zeuden, eta 2009ko lehenbiziko hru hilabetetan igo egin zen: 975 urtarrilean, 991 otsailean eta 1.049 martxoan; udaberrian “kimu berdeak” ikusten hasi ziren nonbait, hiru hilabetez beheiti egin baitzuen: 1.015 apirileanm 968 maiatzean eta 897 ekainean. Uda, gorabehera handiegirik gabe joan zen, 920 uztailean, 940 abuztuan eta 915 irailean, baina udazkenea berriz ere igoera bortitza izan da: 954 urrian, 1.053 azaroan eta 1.114 abenduan.
2010eko negu honek aurrikuspen beltzak dakartza, Nafarroako Gobernuak 47 langile kaleratuko lituzkeen EREa baimendu baitu Funveran eta bertze hainbat suspentsio ERE aurrikusten dira.