Asteburuan bota duen elurrak eskualdeko herri, karrika eta mendiak zuriz margotu baditu ere, errepideak heriotzaren beltz koloreaz hornitu ditu. Izan ere, larunbat areatseko 22:00ak aldera Erratzurako norabidean NA-2600 errepidean zihoala, autoa errepidetik atera eta hil zen Agustin Arruti, 44 urteko arizkundarra. Elizondoko Institutuko irakaslea zen hildakoa. Berekin batera Francisco Lakar zoaien autoan, eta hau zauritua suertatu zen.
Igande arratsaldeko 20:25ak aldera, berriz, Gaztelu inguruan NA-4041 errepidean gidatzen zuen autoa errepidetik atera, irauli eta hil zen Jose Luis Elizalde, 60 urteko gazteluarra. Gazteluko semea artzaina zen eta ardiak zituen baserrian.
Nafarroan trafiko istripuan urte honetan hildako bi lehenbiziko gidariak izan dira arizkundarra eta gazteluarra.