Larunbat honetan, urtarrilak 9, hasiko da 2010eko goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa, Abadiñon. Lauko txapelketa joan zen abenduaren 20an akautu zen, eta, Badaiotz (Gasteiz) gailendu zen emakumezkoen 255 kilokoan eta Abadiño gizonezkoen 320 eta 300 kilokoetan.
Larunbatean hasiko den txapelketak sei aste iraunen du, eta berehala goma gaineko Munduko Txapelketa jokatuko da Italiako Cesenaticon, hain zuzen ere, otsailaren 25, 26, 27 eta 28an.
Abadiñoko probalekuan larunmbat arratsaldeko 17:00etan hasiko den saioan, gizonezkoem 680 kiloko txapela erabakiko da, jardunaldi bakarra jokatuko baita. Abadiñoko taldearekin batera, Astigarragako Auzolan eta Amaiur ariko dira. Lapurdiko Uztaritze ere aritzekoa zen, baina azkenean uko egin dio eta baita 640 kilokoari ere.
Abadiñoko saioan, emakumezkoen bi taldek lagunarteko saioa ere jokatuko dute, beren prestaketa osatzeko.
Bertzalde, gizonezkoen 640 kilokoari dagokionez, bi jardunaldira jokatuko dira, eta puntuen metaketaren bidez erabakiko da sailkapena. Abadiño, Amaiur, Barrundia, Ibarra eta Sokarri taldeak ariko dira. Gizonezkoen 560 eta 600 kilokoei dagokionez, bi jardunaldiko sailkapen ligaxka jokatuko da, eta aurreneko sei sailkatuek finala jokatuko dute,
Emakumezkoen 500 eta 540 kilokoetan ligaxkak jokatuko dira, eta puntuen metaketak erabakiko dute sailkapena. Urtarrilaren 16an hasiko dira Abadiñon eta Sakana, Lesakako Beti Gazte, Ibarra eta Badaiotz ariko dira, bi kategoriatan.