Olioa prestatzea erregaiak ordezkatzeko ez da ametsa, errealitatea baizik. Alemanian eta Austrian badira jadanik 25 urte iduzki-lore olioa ekoizten dutela ibilgailuak ibilarazteko. Akitaniako iparraldean ere lan hori hasi zuten duela zonbait urte eta abentura horri lotu nahi izan dute orain Euskal Herriko Laborantza Ganbera Elkarteak eta Iparraldeko zonbait laborarik.
Berriki kooperatifa bat sortu dute lur lanaz bizi diren lagun batzuek. Orotarat, 75 hektara iduzki-lore landatu dituzte Iparraldean eta Biarnoan. Horien artean, senpertarrak ere badaude. Gan den hazilean bigarren eskuko prentsa erosi zuten. Beren erranetan, iduzki-lorea apirilean ereiten da artoa bezala; eta artoa baino aiseago sortzen da, nahiz eta gutiago ematen duen. Iduzki-lore hektara batek bi tona edo bi tona eta erdi ematen ditu, eta horren heren bat olio bilakatzen da. Gainerakoa aziendei ematen zaiote.
Bezeroekin lanean
Kooperatifa berriak bi bezero baditu jadanik olioa saltzeko: Bizi Garbia hego Lapurdiko herrien arteko sindikata eta Donibane Lohizuneko bi itsasuntzi. Bizi Garbiaren 12 kamiunetan olioa baliatuko dute, erregaiaren biltegiaren %30 olioz bete nahi dute. Itsasuntziak, haatik, bakarrik olioarekin ibiliko dira otsailetik goiti. Marinelek esperimentazioa eginen dute eskuz-esku Frantziako Laborantza Ministerioarekin. Petrolioaren partez olioa baliatzeak ez du neholako arazorik sortzen laborariek beren lan tresnetan jadanik erabiltzen baitute. Gero eta karioagoa izanen den petrolioa gutiago erabiltzeko olio sorta ttiki bat bertzerik ez da momentuz ekimen hau, baina nork daki, urte batzuen buruan egun guziko gauza izan liteke olio biologiko garbiarekin ibilaraztea gure tresnen motorrak...