Joxepa Anttoni Ezkurrak 103 urte eta osasuntsu, halere

Fermin ETXEKOLONEA 2010eko urtarrilaren 7a

Utzitako argazkiak


Sekretua? «Osasuntsu bizitzea». Horixe erantzun dio bati baino gehiagori egun hauetan Joxepa Anttoni Ezkurrak, 103 urte betetzeko sekretua zein den galdetuta. 103 urte alajaina! Olasonekoborda baserriko emakumeak 103 urte bete zituen Santa Luzia egunean, abenduaren 13an, eta osasunez ongi dagoela erakutsi zuen. 29 urterekin ezkondu eta sei seme-alaba eduki zituen eta gaur egun hiru seme-alabekin bizi da. Alaba Pakita izan du urteetan ondoan zaintzen, eta horren emaitza agerikoa da, 103 urte ez baititu edozeinek betetzen. Urtebetetze egunean hainbat herritarren bisita hartu zuen etxean, eta Santa Luzia egunean jaioa izaki, zergatik ez zioten Luzia edo Lutxi izena paratu galdetu omen zion norbaitek. Bere amatxiri Joxepa Anttoni izena ikaragarri gustatzen omen zitzaion eta horixe izan omen zen arrazoia. Trikitilarien taldea etxean bisitan joan eta norbaitek dantzaria izandakoa ote den galdetuta, zera esan zuen: «ezkontza egunean ere ez nuen dantzatu, eta nola hasiko naiz ba orain 103 urterekin!». Ikusten denez, umorerik ere zaio falta Joxepa Anttoniri eta segi dezala urte askoan horrela. Bide batez, zorionak gure partetik ere!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun