Joxe Martin BEREAU ‹ Leitzan bizi den Iturengo joalduna

ttipi-ttapa 2010eko urtarrilaren 7a

Artxibokoa

Leitzan bizi den iturendarra ala Iturenen sortutako leitzarra?
Iturenen sortutako leitzarra.
Zer du Leitzak Iturenek ez duena?
Biztanle gehiago, eta hemen lana zegoelako lanera etorri eta hemen gelditu ginen.
Eta alderantziz?
Herri ttikia izateko bestak eta inauteriak oso ongi egiten direla.
Leitzako inauteriak ala Iturengoak nahiago?
Iturengoak.
Iturenen eta Leitzan inauteriak aldi berean direnean, zeinetara ez duzu hutsik egiten?
Iturenen ez du behin ere hutsik egiten.
Zergatik ote dira hain ospetsuak joaldunak?
Joareengatik izanen da. Aunitzetan joan izan gara kanpora eta oraindik ere ateratzen dira.
Zer da zuretzat joaldun izatea?
Gauza haundia izan da beti, ttiki-ttikitatik.
Emakumezkoa bazina joalduna izanen al zinateke?
Ez dakit... Igual bai!
Gustura ikusiko al zenituzke seme-alabak joareekin?
Bai, baina ez dute ikasi. Semea, zaharrena, gaztea zela joaten zen Iturenera, eta hasi zen, baina gerora utzi egin zuen.
Joaldunen Eguna, inauteriak ala Errege Bezperako besta. Zein nahiago?
Denak besta onak dira, baina inauteriak luzeagoak dira eta elkartasun haundiagoa izaten da. Zahar, gazte, neska, mutil, herri guztia biltzen da inauterietan.  
Ituren, Aurtitz eta Zubietakoak zanpantzarrak direla erraten dutenei, zer erantzunen zenieke?
Hori ez dela horrela. Ez dakigu nondik atera den hori, kanpotik etorritakoa izanen da, baina gu joaldunak gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun