Bizitza honetan familia zoragarri bat izatea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Oraintxe esanen dizuet zergatik: Abenduaren 11n nire senarra Josetxo Gragirena Mutuberria hil egin zen. Oso une latzak bizitu ditugu, baina ez orain bakarrik. Josetxok 20 urte egin zituen gaixorik, eta urte horietan erakutsi dit familiak elkartasuna eta maitasuna zer den. Nire eta nire seme-alaben ondoan egondu dira beti, ez digute momentu batean ere bakarrik utzi.
Josetxoren aldeko koinatu-konatei, nire gurasoei, nire aldeko senide eta koinatu-koinatei, iloba guziei, lehengusu-lengusina guziei… familia guztiari eskerrak eman nahi dizkiet nire eta nire seme-alaben izenean. Benetan esaten dut inoiz ez zaigula ahaztuko gugatik egin duzuen guztia 20 urte hauetan.
Bizitza honetan familia zoragarri bat izatea altxor handi bat da, eta denek horrela demostratu diguzue. Mila esker denei bihotz-bihotzetik.