Jendearen dohainik handienetako bat askatasuna da, noski. Bizitzako aukeren artean norberak hautatzeko ahalmena izatea: ikasketa batzuk egin edo bertzeak, ezkontzako baiezkoa eman edo ez, nolako familia sortu erabaki, huelgan parte hartu edo ez, botoa nori eman, adiskideak aukeratu, etabar.
Horrek zera erran nahi du, ni zer eta nolakoa izan erabakitzen ahal dudala, neurri batean bederen; nire gogoaren arabera ibiltzen ahal naizela, nire buruaren jabe izan naitekeela. Hau dena, neurri batean, bai. Gure izaera, eta izaera honen osagaiak eta ahalmenak mugatuak baitira. Adimenaren argia, gauzak ulertzea, gorputzaren indar fisikoa, denak du muga, eta ezin dugu muga hori gainditu. Horren arabera, gure askatasuna ere ez da guk nahiko genukeen hainbertzekoa. Edota, bai?
Behar bada, maiteago dugu askatasun mugatua. Gartzelan ez du inork egon nahi, ez, noski. Telefonorik, telebistarik eta autorik gabe bizitzea ez dugu onartzen, horiek gabe lotuago biziko baikinateke, zenbait gauzatarako ahalmen ttikiagoarekin. Baina, bertze aldetik, ardura eta erantzukizun handirik ere ez dugu nahi. Lana? Nahiago bertze batek plantatutako lantegian ari, nire orduak sartu bertzerik eskatzen ez didana, nagusiaren meneko. Badira bizitza era autonomoan ere antolatzen dutenak, baina ez gehienak. Aginte kargua? Bertze batzuek har dezatela, nire pentsatze eta erabakitzearen beharrik gabe. Horrela, kezkarik gabe, lasaiago bizitzen ahal naiz, eta bertze horiek egindakoa kritikatzeko aukera beti izanen nuke.
Askatasunak nortasuna handitzen du, baina nor izateak erabakiak hartzera behartzen gaitu. Eta horrek ez darama beti berekin nekea ere? Bertze aldetik, ordea, nor izateak, libre izateak sentiarazten digu jende kontzientzia, eta jende izatearen kontzientziak atsegin eta zoriona ere sortzen digu. Libre izan nahi? Nor izan nahi? Edota morroi izatea hobe?