Oraindik gogoan daukat Zapatero jauna lehengo aldiz Espainako Lehendakaritzara aurkeztu zenean saldu zuen irudia: talantea. Egia erran Aznarren gobernuaren ondotik talantea hitza erabiltzeak ate aunitz ireki zizkiola Zapatero jaunari. Politikoki egoera hagitz nahasia zegoen, eta Madrilgo M11 sarraskiaren ondoren, eta PPren gezurrak agerian gelditzeak, Zapaterori Monkloako ateak ireki zizkion. Lehenengo lau urteetan bere benetako talantea ezkutatu zuen. Gure pake prozesua zela eta, Irakeko tropen etxeratzea…, baina azkenean agertu da Zapateroren benetako aurpegia. Alde batetik, Nafarroan, Sanz jaunak sozialisten botoak Nafarroan behar zituela jakinik, Espainako aurrekontuetan UPNren botoak behar zituela eta presionatuz, UPNren haustura lortu zuen. Bertze aldetik, Euskal Erkidegoan, hauteskunde kanpainan ardi bezala aurkeztu zena, azkenean otso bihurtu zen, eta PPren botoez baliatu gizartearen nahiaren aurka Lehendakaritza lortu zuen. Geroztik nabariak dira euskal gizarteak lortutako hainbat «eskubide» zapaltzen ari direla. Baina inposaketa politikoak alde batera utzita, bada bertze inposaketa mota bat. Zapateroren gobernuak gurasoek gure seme-alabei eman nahi diegun moralan ere sartu dira. Argiak dira adibideak. Argi dago denok ez dugula ikuspuntu berdina moralitateaz, sexualitateaz… Zorionez hainbat estereotipo eta xenofobiak poliki-poliki desagertzen joan dira. Azkeneko urte hauetan zapalduta zeuden hainbat kolektibo burua altxatzen joan dira, eta gizarte gehiengo batek onartzea lortu dute. Baina orain hezkuntzaren bidez gure seme-alabei ikuspuntu bakar bat inposatu nahi diete. Ez nago ados. Frankismoaren garaian ikuspuntu bat inposatu nahi zuten, eta orain bestea? Ez, ezin dira pentsaera moldeak inposatu. Bertze adibide tamalgarria. Hamasei urteko neskatxak gurasoen baimenik gabe haurdunaldia eteten ahal dutela inposatu nahi digute. Non gelditzen da gurasoen papera? Ez al da gure eskubidea hezitzea, formatzea, ikuspuntu desberdinak eskura ematea? Ez al dira gure alabak gure erantzukizuna? Ezin dira gurasoen eskubideak horrela urratu. Ze ikasgai ateratzen dute horrela? Botika batera joan eta gaizki egindakoa moldatzen dela? Nire ustez hori guzti lehenengo etxetik eta gero planifikazioa zentroetatik bideratu behar da, behar den informazioa emanez, eta edozein arazoa dutelarik etxekoetan konfiatu behar dutela erranez. Nire alabaren etorkizuna nire ardura da eta bere hezkuntza ere bai.