Gasteiztarra da sortzez Edu Zelaieta, euskal filologia ikasitakoa eta EHUko Irakasle Eskolako Hizkuntza eta Literaturaren Didaktikaren irakaslea. Baina atta eta attaren aldeko familia Bortzirietakoak izateak betidanik sortu izan dio inguru honetako hizkerarekiko interesa. Motibazio pertsonal horrengatik, Baztan, Bertizarana, Sunbilla, Malerreka eta Bortzirietako mintzaira aztertuz liburua argitaratu du: Baztan-Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa. Bere doktore-tesia da eta Euskarabideak eta Euskaltzaindiak argitaratu dute.
Zer aurkituko dugu liburuan?
Liburua duela urte batzuk unibertsitatean egin nuen tesiaren bertsio osatua da. Baztan-Bidasoako hizkeren analisia aurkituko duzue. Bertako hizkerak nolakoak diren erakutsi eta bilketa lana baino gehiago, metodologia konparatibo batean sartzen naiz, ikusteko, adibidez, Baztango solasek zein diferentzia dituzten Bertizarana edo Malerrekakoekin, edo Bortzerrietakoekin; Iparraldearekin zein lotura duten... Konparatuz eta kontrastatuz analisi hori egin daiteke, eta horren arabera, hizkera kokatu.
Zuk errana da: «Baztan-Bidasoa: bi izen, bi izan». Azaldu...
Euskarak ematen digun esamoldea aprobetxatuz izen bakoitzak bere izena duela erran nahi dut. Izenak ez dira txantxetako kontuak, batez ere, toki izenak. Kontuan hartu behar dugu, Bidasoa edo Baztan errekaren inguruan belaunaldi aunitz pasatu direla, eta halere, izenak iraun egin duela. Izenek bertako errealitate bat erakusten dute, denboran irauten duena. Ez da kasualitatea baztandarrek euren nortasuna izatea, eta Mugairitik atera eta Baztango nortasun soziolinguistikoa bukatzen den tokian, bertzelako hizkera bat hastea, bertzelako soziologia, eta han bertze izen bat hartzea ibaiak: Bidasoa. Ibai honek izen bikoitza du: Baztanen Baztan, eta hortik behera Bidasoa. Eta horrek dialektologikoki eta soziologikoki dagoen errealitate bikoitza adierazten du.
Batetik, Baztango solasa, eta bertzetik Bidasoa aldekoa. Zein ezaugarri ditu bakoitzak?
Lehenik eta behin, erran, Bidasoaldeko eta Baztango hizkerak Nafarroakoak direla. Baztanek ekialderago jotzen du, eta Iparraldera. Euskalkien historian, Bonapartek Baztan edo Baztango solasa Iparraldekoa edo Hegoaldekoa ote zen aipatzen zuen. Gaur egun, ordea, nire ikerketa eta ondorioen arabera, Baztanek Hegoaldera egin du bira. XXI. mendean, Bidasoaldeko eta Baztango hizkerak Nafarroakoak dira, nahiz eta nafarrak ez diren eraginak eta ezaugarri linguistikoak eduki. Baztanek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Nafarroako eraginak ditu, eta Bidasoaldeak [Nafarroa] Gipuzkoa eta Lapurdikoak.
Bi multzo bereizi arren, bakoitzean ere badira aldeak, ezta?
Bi multzo nagusi dira Baztan eta Bidasoa. Baina Baztanen barrenean, hiru multzo egin ditut: hegoaldea, erdialdea (Elizondo) eta Baztangoiza. Eta Oronoz-Mugairi ere hor dago. Linguistikoki aski herri interesgarria da, trantsizio haundia dagoelako, Baztango eta Bidasoaldeko ezaugarriak baititu. Hiztun batzuek gehiago jotzen dute Baztan aldera eta bertzeek Bidasoaldera. Oronoz-Mugairitik bertze aldera, Bidasoaldea dago eta hemen ere bi multzo ttiki egin ditut: Malerreka-Bertizarana batean, eta Bortzerriak, bertzean. Eta tartean Sunbilla dugu, tarteka Bortzerriekin eta tarteka Malerrekarekin. Ezaugarriak zehazteko zerrenda luzea egin beharko genuke.
Ba al du etorkizunik Baztan-Bidasoako hizkerak?
Nik uste dut baietz. Ezin da jakin zer gertatuko den, baina printzipioz, indarra eta borondatea badago eta jendeak nahi duen bitarte, aitzinerat irauteko aukera aunitz ditu. Egia da, ondoan hizkuntza haundi eta boteretsuak dituela, baina izanen du etorkizuna.