Urdazubi-Baztango Donejakue Bidearen gida turistikoa argitaratu du Bertizko Partzuergoak

TTIPI TTAPA 2010eko urtarrilaren 7a

Bertizko Partzuergo Turistikoak, produktu turistikoen garapenerako Nafarroako Gobernuko laguntzarekin, Baionatik, Urdazubin barna Iruñera doan Donejakue bideko zatiaren liburuxka bat garatu eta argitaratu du, Donejakue bidearen informazioa, Partzuergoko baliabide turistikoekin erlazionatuz.
Aukezpen data, Donejakue bidearekiko komunikabideen atentzio handiagoa sortzen duen jakobear urtearen hasierarekin batera dator eta momentu hau, bidearen adar desberdinetako lurraldeetako elkarte eta administrazioek baliatu nahi dute.
Gure zonaldean, Urdazubi-Baztango Donejakue Bideko lagunen elkarteari esker, Pirinioak gurutzatzeko orografia errazagoa izateagatik Erdi Aroan gehien erabili zen bide hau berreskuratu ahal izan da. Aurten burutu den Olagueko aterpetxearen zabaltzearekin, Iruñara bitarteko etapa guztiak burutzeko aukera dago.
Argitalpenean, sarrera historiko bat eta Baionatik Iruña arteko herri nagusienen deskribapena aurkezten da. Topogida baten ezaugarriak ditu, Partzuergoaren eremuan dauden zatietan, hau da Urdazubi eta Baztanen, xehetasun gehiago azalduz beti ere. Bi udalek argitalpenean kolaboratu dute bertze dozena bat baliabide turistikorekin batera, izan ere publizitatearekin parte hartu baitute.
Maketatze erakargarri bat eta argazki aukeraketa on bat lortzeko esfortzua egin da. Informazio zehatza, rutasnavarra.com-etik hartu da, zeinekin, Partzuergoak lankidetza hitzarmen bat duen oinezko ibilbideak lantzeko.
Hiru bertsio argitaratu dira: euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Nafarroako Turismo bulegoetan eta Bidea igarotzen den informazio puntu nagusietan banatu dira. Leku hauetaz gain, langilegoak publikoari banatuko dio, parte hartuko duen turismo ferietan eta baliabide honen bidez, pertsona gehiago gure zonaldera hurbiltzeko lagungarri izatea espero da.
Bertiz Partzuergoko www.consorciobertiz.org web orriak, atal berezi bat du Bidearen informazioarekin eta gida eskuragarri jartzen du, emailez nahiz telefonoz eskatu daitezkeen gainontzeko argitalpenekin batera.

Abenduko okupazioa
Nahiz eta krisialdi ekonomikoa izan, urteak joera ona mantentzen duen okupazioarekin bukatu du, beti ere, Partzuergoko kide diren establezimenduen informazioari segituz. Urtezaharrean, Konstituzioko zubian izan zen okupazioaren antzekoa izan zen: osorik alokatzen diren landetxeetan: %90, gelakako landetxeetan pixka bat guttiago (%80), %72 hoteletan (zubian baino hobeago) eta % 60 aterpetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun