Nafarroako Gobernuko Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzua, Nafarroako bortz ikastolak elkarlanean osatutako Juul Blogak eta Juul Bideo Blogak proiektua aipamen modura saritzea erabaki du eta liburutegiko materiala erosteko 1250€ jasoko dituzte Baztan ikastolak, Lesakako Tantirumairu ikastolak, Vianako Erentzun ikastolak, Irunberriko Arangoiti ikastolak eta Zangozako ikastolak.
Irakurzaletasuna sustatzeko proiektu berritzaileak saritzeko deialdia Nafarroako Gobernuko Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak udaberrian argitaratu zuen, eskolako liburutegiak hobetzeko eta berriztatzeko eta irakurzaletasuna sustatzeko esperientziak saritzeko helburuarekin.
Bortz ikastolen arteko proiektua sartu zuten deialdia, teknologia erabiliz, irakurzaletasuna bultzatzea baitzen asmoa. Hain zuzen, Juul blogak irakurzaletasuna bultzatzeko proiektu bat da. Proiektuaren funtsa ikasleek irakurtzen dituzten liburuen inguruko iritziak trukatzean datza eta trukatzeko erabiltzen den bidea bloga da.
Proiektu hau printzipio batean oinarritzen da: irakurtzen ditugun liburu gehienak lagun edo ezagunek aholkatutakoak izaten dira. Ideia horretan oinarrituta ikasleek gustuko zituzten liburuen berri trukatzeko sistema bat martxan jarri nahi zuten eta gainera gelako esparrua zabaldu, ikastolen arteko iritzi trukaketak baimenduz.
Juul Blogak
Lau blog ezberdin sortu dira.
2007-2008. ikasturtean sortutako blogak
http://irakurzaletxiki.mundua.com Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleei begira.
http://irakurzale.mundua.com Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei begirakoa.
2008-2009. ikasturtean sortutako bideo blogak
http://irakurzaletxiki.blogspot.com Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleei begira.
http://irakurzaletxiki.blogspot.com Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei begira.