Baztan-Bidasoako alkate eta zinegotziek bat egin dute ELA eta LABek larunbaterako deitu duen manifestazioarekin

Aitor AROTZENA 2009ko abenduaren 24a

Beran eginen da abenduaren 26an, goizeko 11:00etan Zalaingo lantegitik Herriko Etxeraino

Baztan, Bortziriak, Bertizarana, Malerreka eta Sunbillako alkate eta zinegotziek bat egin dute larunbaterako ELA eta LAB sindikatuek “Etorkizun duin baten alde, Baztan-Bidasoa bizirik” lelopean deitu duten manifestazioarekin. UPNkoak izan ezik, gainerako talde eta alderdi guzietakoak bildu ziren asteazkenean Etxalarren manifestazioari atxikimendua adierazteko: Aralar, EA, Ezker Abertzalea, PNV, Onin eta Independienteak. Tartean zeuden Bortzirietako alkate guziak, baita Donamaria, Ituren eta Zubietakoa ere. Larunbat goizeko 11:00etan Zalaingo lantegitik abiatu eta Berako Herriko Etxera ailegatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei. Idatzian aipatu zutenez, “zonaldeko enpresa garrantzitsuenak EREen daude (Savera, Condesa, Arcelor, Funvera,…) eta orain gainera mehatxu bortitzekin etorri zaizkigu; Kaleratzeak. Langileriaren %90ak 4 enpresa hauetan lan egiten du lan. Baztan-Bidasoan 39 ERE izan dira 2009ko urtean (29 aldi-baterako eta 10 ixteko). Honek erran nahi du 1728 langile EREn daudela eta 222 langilek bere lanpostua galdu dutela. Momentu honetan 1053 langile daude langabezian (Azaroko datuak), joan den urtean baino 263 langile gehiago eta gainera aurtengo datu txarrenak dira hauek”. Hautetsiek salatu zutenez, “55 langile kaleratzeko ERE honen aurrean eta bertze guztiei aldi baterako EREa jartzeko amenazoen aurrean langilearen egoera tamalgarria da, izan ere enpresak produkzioaren jeitsieraren aurrean neurriak hartu behar dituela argudiatzen du eta aldiz ez du inolako daturik ematen enpresaren egoera txarra dela ziurtatzeko”. Izan ere, Etxalarko udaletxeko bilkuran aipatu zenez, “2008ko Abenduaren 31an 15.113.962 euroko fondoak zituen, azkeneko 4-5 urteko irabazien ondorioz. Honengatik ikusten dugu ekonomikoki bere egoera saneatua dagoela, izaten ahal diren galerei erantzuten ahal diola eta gainera enpresaren etorkizuna ez dela arriskuan jartzen ikusten dugu”. Langileak nahikoa jarri dute beraien aldetik, hautetsien erranetan; “jornala ez igo, korreturnosean ari enpresak hala eskatuta, eta abar… Langileak EREan daudenean langabezia jaten ari dira eta hau bortizki ikusiko dugu 2010 urtean. Enpresa langileriaren eta estatuaren kontura bizi da. Espediente hauekin enpresa dirua aurrezten ari da eta langileak aldiz dirua galtzen”. Nafarroako Gobernuari ERE gehiagorik ez sinatzea eskatu diote, “ez kaleratzearenak ez eta aldi-baterakoak ere. Funvera enpresa laborategi moduko bat izanen da Bortzirietan eta atzetik etorriko diren enpresak intentzio berdinak izaten ahal dituzte.” Zonalderako Industria Plan bat eskatzen ere segitzen dute, “izan ere metal alorra “ondua” daukagu eta zonalde hau langileentzako desertu bat bihurtzen ahal da”. Nafarroako Gobernuari zuzentasunez ibiltzea ere eskatu diote: “Enpresa hau bere garaian Nafarroako Gobernuak aitzinera atera zuen eta orain ezin du utzi bere gisara”. MANIFESTAZIOAREKIN BAT EGITEN DUTEN HAUTETSIAK Jaime Urrutia, Arantzako alkate-ordea (Herri Taldea) Josu Iratzoki, Berako alkatea (Ezker Abertzalea Patxiku Irisarri, Etxalarko alkatea (Herri Taldea) Iñaki Goienetxe, Igantziko alkatea (PNV) Juan Fermin Mitxelena, Lesakako alkatea (PNV) Virginia Aleman, Baztango alkatea (NABAI) Bittor elizagoien, Oronoz-Mugairiko alkate juradoa Ricardo Sagaseta, Donamariako alkatea Jose Mari Gorosterrazu, Iturengo alkatea (EA) Patxiku Mitxelena, Zubietako alkatea Edurne Rekondo, Lesakako Ezker Abertzalea Santi Aldako, Baztango NABAI Joseba Indabere, Bertizaranako Ezker Abertzalea Jon Anzizar, Sunbillako Ezker Abertzalea Irati Lujua, Etxalarko Herri Taldea Pello Apeztegia, Lesakako PNV Agustin Arribillaga, Etxalarko EA Agustin Sainz, Igantziko PNV Julen Mitxeltorena, Baztango Ezker Abertzalea Deñe Abuin, Lesakako Onin Marisol Taberna, Berako Aralar

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun