Jose Mari Urrutia zubietarra hil zen larunbat gauerdian trafiko istripuan

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 21a

Gidatzen zuen autoa pista batean amildu zen, hormarengatik seguruenik

Jose Maria Urrutia Ezkurra, 71 urteko zubietarra hil zen larunbat gauerdian, berak gidatzen zuen autoa Zubieta eta Beintza-Labaien arteko pista batean bidetik ateri eta 60 bat metroko altueratik amildu zenean. SOS Navarratik jakinarazi dutenez, istripuaren ondorioz Jose Maria Urrutiak kolpe handia hartu zuen buruan eta bapatean hil zen. Istripuaren orduan horma handia zegoen eta hori izan omen daiteke istripuaren arrazoia. SOS Navarrak abisua jaso ondotik, suhiltzaileek atera zuten Urrutiaren gorpua eta Zubietako plazara eraman zuten, Elizondoko funerariako ibilgailua bertan baitzegoen esperoan. Jose Maria Urrutiak 71 urte zituen eta mendian artzain eta Leitzako papeleran aritua zen lanean. Hagitz ezaguna zen inguruan, ehizarako afizio handia zuen eta ezkongabea zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun