Malerrekako biztanleek ongi etorri beroa egin diote Euskaraz bai dinamikari

Amaia eta Ainhoa 2009ko abenduaren 21a

Hainbat ekitaldi egin ziren larunbatean Donezteben

Kontseiluak eta Malerrekako Mankomunitateak eta Euskalgintzak eskualdean euskararen normalizazioa modu partehartzailean bizkortzeko Euskaraz bai dinamika abian jarri dute aurtengo udazkenean. Urrian, azaroan eta abenduan zehar egindako gogoeta saioen eta girotze lanen borobiltzea izan da larunbatean Doneztebeko zineman egindako aurkezpen ekitaldi soziala. Eta ekitaldiaren ezaugarri nagusia, abian jarri berri den dinamika honena bezalaxe, partehartzea eta elkarlana izan dela esan dezakegu, eskualdeko hainbat kultur eta folklore taldek beren ekarpentxoa egin nahi izan baitute ekitaldirako ikuskizunak eskainiz. Eguerdia ederki gozatu zuten bertaratu ziren herritarrek, baita ordezkari politiko zein elkarte eta abarretako ordezkariek ere. Zubietako joaldunek Donezteben barna ekitaldiaren etorrera iragarri zuten, 11:30etatik herritik hotzak uxatzen aritu baitziren. 12:00etan Kristina Urrutiak, Euskaraz bai dinamikako teknikariak, aurkezpenean hizlari izango zirenak aurkeztu eta ekitaldiari hasiera eman zitzaion. Hasteko, Mankomunitateko lehendakari Alberto San Migel eta Euskara Batzordeko buru Joseba Indaberek egin zuten hitza. “Guretzat gaurko eguna biziki pozgarria da, euskararen aldeko herri gogoa indartsua dela eta auzolanerako prest gaudela ikusten dugulako” esanez ekin zioten hizketaldiari. Malerrekan euskalgintzak urteak lanean badaramatza ere, oraindik euskararen egoera nahi bezalakoa ez dela azpimarratu zuten, eta “egoera hori iraultzeko bidea herritarrok konpromisoa hartzea dela, eta gaurko ekitaldiaren bidez, mezu hori zabaldu nahi dugula” argi utzi zuten. Amaitzeko “azken urteotan mankomunitateak egin dituen hainbat lan-ildo indartzera dator Euskaraz Bai dinamika, Malerrekan hanka motz baikabiltza lantokietan, dendan, paper kontuetan euskara erabiltzeari dagokionez” azpimarratu zuten. Jarraian Zigor Etxeburuak, Kontseiluko Euskaraz bai dinamikako arduradunak bere poza adierazi zuen, izan ere, “inguruko eskualdeetan abian da dinamika, Leitzaldean, Bortzirietan eta Baztanen. Beraz, Malerreka abiatzearekin osatu dugu Nafarroako maparen goiko muturrean hutsik geneukan hutsunea.” Prozesu hau abian jartzeko erronkari ekin izanagatik Malerrekako euskara batzordea eta euskalgintza zoriondu ostean, bertaratutakoei galdera hau bota zien: “…inork pentsa dezake ‘zertarako Euskaraz Bai dinamika Malerrekan’? Eskualde euskaldunean bizi zarete, etxe gehienetan euskaraz mintzo zarete… orduan? Bai, herri euskaldunetan euskararen ezagutza oso handia da eremu pribatuan, esan dezadan, etxe barruan. Baina euskara nahi baino gutxiago erabiltzen dugu eremu publikoan; hau da, lanean, erosketetan, lagunartean. Horregatik, gure hizkuntza, euskara, eguneroko eginbeharretan gehiago erabiltzeko proposamena egingo dizuegu Euskaraz bai dinamikaren bidez”. Rober Gutierrezek, Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendariak Etxeburuak eguneroko jardunean euskara erabiltzeko proposamenaren bidetik alor sozio-ekonomikoan 7 urteko bilakaera izan duen Bai Euskarari Ziurtagiriaren aurkezpena egin zuen eta euskarak lan munduari egiten dio ekarpenaz jardun zuen. Gutiérrezen esanetan, aniztasun linguistikoa lehiakorragoa izateko benetako abantaila da. Euskara darabilen enpresak, euskararik ez darabilenarekin alderatuta, balio diferentziala du; eta bezeroek balio hori kontuan izaten dute, eta horrek euskara darabilten enpresak lehiakorragoak izatea dakar. Amaitzeko, argudiatu zuen euskararen erabilerak gertutasuna eta konfiantza adierazten duela: “Euskara darabilen entitatea herritarrengandik gertukoagoa da eta pertsonei konfiantza ematen die”. Horrez gain, Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak ziurtatu zuen enpresa batek gizartearenganako konpromisoa agertzen duenean eta gai sozialekin arduratsua denean, irudi hobea eta sinesgarritasun handiagoa ematen duela bere bezero nahiz langileen aurrean”. Ekitaldian esker bereziak eman zitzaizkien musika eta dantza eskaintza egin zuten guztiei: Zubietako Joaldunak, Doneztebeko dantzari txiki eta handiak, Amaia Iraola akordeoilaria, Mahai-inguruko kantuen taldea eta Trikidantz taldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun