Malerrekan Euskaraz Bai Eguna eginen da larunbatean Donezteben

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 18a

Eguerdian jaialdia izanen da zineman eta arratsaldean antzerkia

Euskararen normalizazioaren alde lanean segitzen du Malerrekako Mankomunitateko Euskara Batzordeak. Eta helburu horrekin, Euskararen aldeko jaialdia antolatu du larunbat honetarako, abenduak 19. Doneztebeko zinean izanen dira ekitaldiak.
Egun horretan, Euskaraz Bai dinamika aurkeztuko du Mankomunitateak. Dinamika hau azaroan paratu zen martxan, euskararen normalizazioa bizkortzeko Euskara Batzordeak eta Kontseiluak hitzarmena sinatu zutenean.

Aurpegi ezagun aunitz
Herritar guztiei egin die Mankomunitateak, eguerdiko 12:00etan hasiko den bestara joateko gonbidapena. Baina tartean gonbidatu bereziak edo aurpegi ezagunak izanen dira: joaldunak, Amaia Iraola Doneztebeko akordeoilari ezaguna, Doneztebeko dantzari ttikiak eta helduen dantza taldea eta Trikidantz taldea, bertzeak bertze.
Musika eta dantzaz gain, hizlariak ere izanen dira jaialdi honetan, Euskaraz Bai proiektuak duen garrantzia azalduko baitute Kontseiluko ordezkariek. Ekitaldiari behar bezalako akabera emateko, jan eta edatekoa izanen da.
Arratsaldean segituko du bestak. 16:30ean haurrei eskainitako antzerkia izanen da: Anne Mona, Oskola eta Karramarroi taldeak Ino, Ino, Ino,… badator Bonbardino!!! ikuskizuna eskainiko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun