Kontzertu berezia antolatu du Mendi Abesbatzak ortziral arratsean elizan

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 17a

Eguberrietako hiru kanta eskainiko ditu Mendi abesbatzak. TTIPI TTAPA

Donostiako Udal Txistulari Banda gonbidatu du

Abenduaren 18an, ortziral arratsaldeko 8etan Doneztebeko Elizan Eguberriko kontzertu berezia ospatuko da. Mendi Abesbatzako kideek antolatuko dute aurtengoan ere emanaldi berezi hau eta zinez laguntzaile apartak izanen dituzte horretarako. Alde batetik, azken urteotan bezala, Agorreta Musika Eskolako ikasleak eta aurtengoan estrainekoz parte hartuko duen Doneztebeko Dantza Taldekoak. Eta bertzetik, goi mailako musikarien bisita jasoko dute: Donostiako Udaleko Txistulari Taldearena, hain zuzen ere. Musikari hauek iaz izan ziren lehendabizikoz Donezteben eta Mendi Abesbatzarekin gauzaturiko harreman onaren ondorioz, aurtengoan ere beren musikaz gozatu ahal izanen da herrian.
Kontzertuaren hasieran, Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak Eguberri inguruko doinuak eskainiko ditu, Tielman Susato, Luis Urteaga eta egun taldea zuzentzen duen Jose Ignazio Ansorenaren doinuekin. Saio honetan gainera, Txistuko Goi Mailako Ikasketak bukatzear dagoen Axun Ezkurra Doneztebar gazteak parte hartuko du, Txistulari Talde profesionalarekin batera Hiru Damatxo doinu ezaguna joz.
Txistularien saioaren ostean Mendi Abesbatzak hiru gabon kanta eskainiko ditu bakarrik, jarraian partaide guziekin bat egin eta guzion gozagarri izateko asmoz Gabon kanta goxoenak eskainiko dituztelarik, tartean Ator-ator edota Mesias ezagunak izanen direlarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun