Malkorra gozotegian lan egiteaz gain, Bertan merkatari elkarteko zuzendaritza batzordeko kide eta Elizondoko abesbatzako abeslari da Mari Jose Alaña. «Asti pittet izaten dut, baina ez sobera», dio. «Astelehenetan korala izaten dut eta bokalizazio klaseak ere jasotzen ditut; batzuetan Lesakara ere gaten gara, Giltzarri abesbatzarekin entsaiatzera». Zinema gustatzen zaio eta antzerkira ere aunitz gaten da, Donostia eta Iruñera batez ere: «Don Pasquale antzeslana ikusi nuen gan den hilabete hondarrean». Baluartera opera aditzera ere joan da azaroan. Hilabete hori ongi aprobetxatu zuen, abenduan Eguberrietako kanpainarekin hasten baitira komertzioetan. Kultur arloa ez ezik, kirola ere lantzen du: «Senarrari mendia aunitz gustatzen zaio eta berarekin mendian ibiltzen aunitz ikasi dut, hemen inguruan, Pirinioetan…». Hori bai, asteburuak «lasai egoteko» aprobetzatzen du, «herri ttiki batean, mendia…».