Senpertarren lanak Durangoko azokan

Franck DOLOSOR 2009ko abenduaren 15a


Berriki ospatu den Durangoko euskal liburu eta disken azoka haundian senpertarren lan andana saldu da aurten. Liburu berriena Otso gosetua da, Amaia Hennebutte ibarrundarrak idatzi duena haurrentzat. Amaia andereñoa da eta izigarri gustatzen zaio idaztea eta margotzea etxeko ttikienentzat. Panso eta Lodikroko apailatu zituen duela zonbait urte eta orain abentura berriak asmatu ditu Otso gosetua liburuan.

Barbier-en biografia
Bere aldetik, Henri Duhauk Jean Barbier erretorraren biografia aurkeztu du Bidegileak sailean. Senpereko eta garaztarraren argazkiz betea den liburuxkan, Duhauk erakusterat ematen du Barbier euskal idazle haundienetarik bat dela eta Euskal Herria itsutuki maite zuela. Barbier-ek egin idazlanen zerrenda osoa agertzen da bai eta Gerla Haundia denboran izan zuen jarrera ere. Duhauk gogoratzen du erretora etxez etxe ibiltzen zela, Paxkal Lahet Juzan orduko auzapezarekin hilen berri ematera. Duhauren liburuan ikasten ahal da, konparazione, 1914an, 2.500 herritar bazirela Senperen eta orotarat 400 gizon gan zirela gerlarat. 72 senpertar suan hil ziren, zazpi etxetan bi hil izan ziren eta batean hiru! Bertzalde, 200 kolpatuak izan ziren. Liburuxka zinez baliosa Barbier-en lana ikasteko begi kolpe batez. Eta Duhau ez da geldirik egoten, ondoko egunetan Dominique Dufau Senpereko auzapez eta notario euskaltzalearen biografia argitaratuko baitu. Zaldubi kanlojeraren lanekin ere burubelarri ari da eta laster sail huntako laugarren liburukia plazaratuko du.

‘Senperetik Senperera’ eta olerkiak
Azokako erakusmahaien artean Senperetik Senpererat 18 herritarren oroitzapen bilduma eta Auxtin Zamoraren olerkiak ere ikus zitezkeen. Sekula ez bezala, herritarren lanek toki zabala izan dute Euskal Herriko kulturaren hitzordu haundienean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun