Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburu, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute hamabigarrenez Euskal Herriko 135 udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuek.
Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia bildu ditu aurten ere. Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatu dira: filmak, jostailu eta jokoak, musika, komikiak, aldizkariak, liburuak, gurasoentzako materiala eta informatika. Gainera, produktu bakoitzaren gutti goitibeheitiko prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.
Webgunea
Aurtengo berrikuntza sarekoa da. Guztiz berrituta etorri baita www.katalogoa.org webgunea. Paperean bildutako produktuez gain, merkatuan aurki daitezkeen bertze anitz ageri dira. Aukera dago, gainera, produktu horien saltokietara iristeko, eta erosteko. Urte osoan eguneratuta izateko helburuarekin sortu da, argitaletxeek eurek aukera izanen baitute produktu berriak sartu eta deskatalogatuak kentzeko. Irakurleek beren iruzkinak eta komentarioak egiteko aukera ere izanen dute.
240.000 ale paperean
Paperezko edizioan, 240.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan. Gure eskualdean ikastetxeen bitartez eginen da banaketa, eta Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHko 4. maila bitarte dauden ikasle guziei emanen zaie ale bat. Liburutegietan eta produktuak saltzen dituzten komertzioetan ere paratuko da katalogoa.