Jon Elizetxe gartzaindarrak irabazi du Xalto Sariketa

ttipi-ttapa 2009ko abenduaren 15a

Puntu erdiko aldea atera dio Aimar Karrika auriztarrari

Azaroaren 28an jokatu zen bi urtetik behin egiten den bertsolari gazteentzako Xalto Sariketa. Goizuetako udaletxeko Ganbaran, Nafarroako 14 bertsolari aritu ziren, eta goizeko eta arratsaldeko saioen ondotik Jon Elizetxe gartzaindarrak jantzi zuen txapela. Goizuetako feria egunean, giro ezin hobean, egin zen aurtengo Xalto.
Iaz izaera beretsua duen Mariano Izeta sariketa eskuratu ondoren, aurten Xalto irabazi du Jon Elizetxek. Hala ere, sailkapena estu-estu joan zen; Elizetxeren gibeletik puntu erdira Aimar Karrika auriztarra sailkatu zen, eta haren puntu erdira, Eneko Lazkoz etxarriara gelditu zen. Horiekin batera, Saioa Alkaiza, Joseba Beltza eta Josu Sanjurjo izan ziren finalean.
Aurtengo Xalto sariketan honako bertsolariek hartu zuten parte: Aimar Karrika (Auritz), Joseba Beltza (Etxarri), Alazne Untxalo (Ituren), Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Eneko Lazkoz (Etxarri), Iker Gorosterrazu (Ituren), Ioar Tainta (Lesaka), Jon Elizetxe (Gartzain), Oier Lakuntza (Iruña), Saioa Alkaiza (Iruña), Iñaki Aleman (Irurita), Josu Sanjurjo (Lesaka), Jose Luis Barberia Zili (Leitza) eta Joseba Zabaleta  (Leitza). Azken bi hauek  estreinakoz aritu ziren bertsotan taula gainean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun